Euskal presoen eskubideekiko konpromisoak aurkeztu ditu EH Bilduk Arrasaten

Jagoba Domingo 2013ko mai. 13a, 21:40

Debagoieneko EH Bilduko zinegotzi eta alkateek, euskal presoen eskubideen aldeko hainbat konpromiso hartu dituzte, eta horien berri emateko prentsaurrekoa egin zuten atzo Arrasateko Monterron parkean.

Giza eskubideak, konponbidea, bakea, euskal presoak Euskal Herrira leloarekin ekin diote prentsaurrekoari Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkateak eta Inma Beristain Antzuolako alkateak, atzean ibarreko EH Bilduko zinegotzien eta alkateak zituztela. Gatazka politikoarekin amaitzeko eta bakea lortzeko, hainbat arlotan aurrera pausoak eman direla aipatu zuten. Halere, presoen eskubideak alde batera utzi dituztela salatu zuten.

Aurtengo urtarrilaren 12an Bilbon euskal presoen eskubideen alde egin zen manifestazioa ikusi ondoren, arlo horretan aurrera pausoak emateko beharra ikusi dute EH Bildukoek, eta, horretarako, hartu dituzten konpromisoen berri eman zituzten atzoko agerraldian.

Hona hemen konpromisoen zerrenda:

  • Herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatzea hilabeteko epean eta sei hilero berritzea.
  • Hasierako dosierra Espetxe Zuzendaritzara, Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari, Justizia Ministerioetara eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igortzea bertan jasotzen diren eskubide-urraketak ekiditeko eskatuz.
  • Herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekitea.
  • Herriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratu edo ateratako materialaren ale bana bidaltzea.
  • Hilabeteko azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzea modu ofizialean.
  • Udaleko ordezkari gisa parte hartzen duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramatea.
  • Preso gaixoak dauden herrietan alkateen taldean parte aktiboa hartzea presoa etxeratu arte.
  • Hiru hilabetean behin herriko presoen senideekin bilera egitea, egoeraren berri zuzena izateko.
  • Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitatzeko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartzea.
  • Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak uztea beraien bilerak edo lanak egin ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak