Zabaletak bost segundoko aldea izan du garaipenerako bidean

Xabier Urtzelai 2013ko mai. 12a, 00:08

Iazko arantza atera ahal izan du Aitor Zabaletak etxean, Gorlako Igoeran. Egutegiko lehenengo hitzordura pilotu mordoa animatu dira –debagoienekoak 19– eta guztien artean azkarrena izan da Lola BMWa, aurreikuspenak beteta. Izan ere, arazo mekanikorik ezean gainontzekoek oso zail zuten Bergarakoa menderatzea, errepidea siku egonda Speed Car edo Silver Car autoak gerturatu baino ezin direlako egin. Eta gertu egotea berba egiteko modu bat da, Zabaletak egin duen denbora onena (02.35.50) baino 5 segundo gehiago behar izan dituelako Joseba Iraolak Speed Car autoaz. Eguneko sustoa Aretxabaletako Mikel Otxoak hartu du, lehenengo txandan BMW Touring autoak su hartu dionean.

Sustoa ez da makala izan. Entrenamendu saioan autoak tirakadak egiten zizkiola-eta, depositoa gasolinaz betetzea erabaki du. Eta lehenengo txanda topera irten da, azkar. Kurbak lotzen zihoan bitartean, antza, depositotik gasolina isuria izan du, eta autoaren behekaldeak su hartu dio: "Kea ikusi dudanean larritu nahiz, ahal nuen moduan geratu eta ordurako autoaren azpialdea sutan zegoen". BMWak eztanda egin zezakeelaz jabetu barik –edo arrisku hori onartuta–, su-itzalgailuekin autoa salbatzea lortu dute: "Baina 50 litrotako gasolina depositoak su hartu izan balu... ederra eskapada".

Lasterketari dagokionean, iaz Aitor Zabaletak ezin izan zuen lasterketako azkarrena izan, arazoz betetako arratsaldeaz batera eguraldiak ez zuelako batere lagundu. Gaur eguraldia, behintzat, aldeko izan du. Eta, autoaren errendimenduaz erabat pozik ez bazegoen ere, nahikoa izan da egutegiko lehen lasterketa irabazteko.

Barketa txikien artean Joseba Iraola izan da bigarrena, eta Ozkoidi hirugarrena. Podiumera igo barik geratu da Ruben Nogueiras laugarren postuan. Aitor Ramirezen BMW ST autoa, berriz, seigarren izan da. Kronika zabala, Asteleheneko Goiena paperean.     

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak