Debagoieneko artisten antzerki maratoia bihar Eskoriatzan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko mai. 10a, 19:36

Eskoriatzako Teatro Kanape taldeak antolatu du maratoia, antzerkia eta gorputzaren espresioa lantzeko eta gozatzeko aukera zabaltzeko helburuarekin; eta Udalaren eta herritarren laguntza izan du horretarako. Bihar, zapatua, Ibarraundi museoan, 18:00etan, abiatuko da publikoarentzako antzerki maratoia.

Herrian sortu eta herritar guztiendako izan nahi duen ekimenaren arima diren Iraia Arzamendik, Olatz Pagaldaik eta Ahinara Zubizarretak Ibarraundi museoa antzoki bihurtuko dute, Debagoieneko askotariko adin eta eskarmentudun artisten istorioak 18:00etan hasiko den antzerki-maratoian bilduta. Hiru euroren truke, bada, antzerki, kanape eta edaria eskuratzeko proposamen paregabea. 

Antzerki maratoi ibiltaria 

11:30ean Ibarraundin elkartuko dituzte partaideak, elkar ezagutu eta nork bere agertokia atontzeko. Elkarrekin bazkalduko dute gero, eta ondoren, entsegu orokorra egin ostean,  18:00etan zabalduko dituzte publikoarentzako ateak. 

Antzerki jaialdia hasiko da orduan. Ibarraundi kanpoan bildutako ikusleei harrera eginda, barrura sartu eta zazpi antzerki taldeak Ibarraundin sakabanatuta, lanean hasiko dira, nor bere agertokian, gutxi gorabehera hamar minutuko saioa eginda. "Ikusle bakoitzak hautatuko du nondik eta zer hasi gura duen ikusten eta bozina batek abisatuko dio lekuz eta saioz aldatzeko unea dela", azaldu du Iraia Artzamendik. Talde bakoitzak zazpi aldiz egingo du, beraz, antzezlana, ikusleei saio guztiak ikusteko aukera emanda horrela. Saiotik saiora, herriko dendari eta tabernarien laguntzarekin kanpoan jarritako tabernatxora joateko aukera ere izango da. 

Askotariko istorio artistikoak 

Denetariko kontakizunak batuko dituzte Ibarraundi antzokian  bihar; horiek guztiak, taldeek asmatutako gidoi originaletan: "Lekuari buruzko informazioa eman zitzaien gidoiaren abiapuntu bat izateko eta, era berean,  aipamen bat egiteko. Hortik abiatuta, istorio fantastikoak, barre eragitekoak, gaur egungo lan egoeraren gainekoak, kritika soziala egiten dituztenak sortu dituzte. Batzuk bakarrizketa formatuan kontatuko dituzte, bideo formatuan beste batzuk, eta beste batzuk, berriz, taldekako antzerkia eginda. 

Herriko txokoak antzoki 

Kanape Teatro taldearen asmoa da urtero herriko eraikin bat antzerki topaleku bilakatzea. Udalean baimena eskatu zutenean, hainbat aukera eskaini zizkien, eta segituan egin zuten Ibarraundiren alde: "Eraikinaren historiak, herrian daukan zentzuak eta, era berean, barruan dagoen lekuagatik, aproposena iruditu zitzaigun, eta niretzako, bereziki, oso toki kuttuna da, han bizi izandakoa naiz-eta" , dio Ahinara Zubizarreta taldekideak.  

Lagundu dutenei esker onez 

Asko dira atzeko lanetan jardun dutenak; horregatik, bada, Kanape Teatrokoen partetik: "Modu batera edo bestera lagundu diguzuen guztioi, eskerrik asko!".

Topaketako egitaraua

Zapatua:

  • 11:30 Parte hartuko duten antzerki taldeak Ibarraundin bilduko dira. 
  • 13:00 Partaideen bazkaria.
  • 18:00 Antzerki maratoia: Ibarraundiko txoko ezberdinetan, ikusleentzako zazpi antzerki talderen emanaldiak. Ibarraundi kanpoan tabernatxoa egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak