Mozarten ‘Requiem’ eskainiko dute Bergarako Orfeoiak, Oñati Abesbatzak eta Ganbara Orkestrak

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko mai. 10a, 16:11

Guztira, 120 pertsonako korua osatuko dute horrela eta 26 pertsonako orkestraren laguntza izango dute abeslariek. Zortzi hilabeteko lan gogor baina aberasgarriaren ostean, Oñatin eta Bergaran eskainiko dituzte kontzertuak; ekainaren 9an Oñatiko Parrokian eta ekainaren 29an Bergarako San Pedro elizan.

Bergarako Orfeoia eta Oñati Abesbatza Mozarten Requiem lanaren kontzertua  eskaintzeko batu egingo dira. Ganbara Orkestrarekin batera sortu dute proiektua elkarlanean eta Aitor Bian zuzendariak gidatuko ditu kontzertuak. Bian zuzendariak dio proiektu handia dutela eskuartean, jende askok parte hartuko duena eta eurendako erronka handia dena. Azken urtebetean daude murgilduta Requiem lanarekin baina azken zortzi hilabeteetan ibili dira lanean buru-belarri horretan.

150 abeslari eta musikari

Guztira, 120 pertsonaz osatutako koroak kantatuko du eta 26 pertsonako orkestraren laguntza izango dute abeslariek. Beraz, 150 lagun inguruko taldeak hartuko du parte proiektuan. Karlos Etxaniz Bergarako Orfeoiko presidenteak esan du eurendako oso berezia dela proiektuan parte hartzea.

Kontzertuak Oñatin eta Bergaran

Momentuz, bi kontzertu eskainiko dituzte; bata Oñatin eta bestea Bergaran. Oñatikoa izango da lehenengoa ekainaren 9an, Corpus jaien egitarauaren barruan, prozesioa baino astebete beranduago. Parrokian izango da kontzertua 19:00etan eta sarrerak datorren eguenean, hilak 16, jarriko dituzte salgai Izarraitz, Portu eta Pake Lekun 8 euroren truke. Kontzertuaren egunean bertan ere erosi ahal izango dira plazako arkupetan, Txurruka ondoan jarriko duten leihatilan. Hala ere, Luis Mari Aranburu Oñati Abesbatzako presidenteak esan du garrantzitsua dela sarrerak ahalik eta azkarren erostea euren antolamendu lana errazteko.

Bergarako kontzertua ekainaren 29an izango da, San Pedro egunean. Eta gainera kontzertuak izango du berezitasunik, izan ere, San Pedro elizan bertan izango da kontzertua eta egun horretan birzabalduko dute obren ostean.

Esan moduan, Oñatin eta Bergaran egingo dituzte Mozarten Requiem kontzertuak, baina asmoa da prestatutakoarekin kanpoan kontzertu gehiago ematea.

Proiektu "herrikoia eta profesional itxura duena"

Manu Egaña Oñatiko kultura zinegotziak aurkezpenean esan du proiektua herrikoia izateaz gain, Debagoiena mailan egindakoa dela eta profesional itxura duela, gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak