Emigratu zuten gazteen %98 atzerritarrak zirela esaten du Gazteen Euskal Behatokiak

Leire Kortabarria 2013ko maiatzaren 10a

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak, Itsaso Anduezak, asteon gazteen emigrazioaren gaineko datuek izan duten oihartzunaren aurrean, eta adierazpen horiek izan dituzten interpretazioak ikusirik, Gazteen Euskal Behatokiak fenomeno hori argitzen laguntzeko datuak eskaini ditu gaur: 2011n Euskaditik atzerrira joandako 10.663 gazteetatik 10.501 atzerritarrak ziren.

Gazteen emigrazioaren gaineko datuak honela interpretatzen ditu Gazteen Euskal Behatokiak: "Lan ezak etorkin gazteak Euskaditik kanpora joatera bultzatu ditu".

Astelehenean EGK-k esan zuenez, EAEko 18 eta 29 urte arteko 10.633 gaztek atzerrira alde egin zuten 2012an, hainbat arazo tarteko, baina lana bilatzeko bereziki. 2010ean baino 4.549 gazte gehiago joan ziren atzerrira, Itsaso Anduezak jakinarazi zuenez. Adierazpen eta datu horiek oihartzun handia izan dute komunikabideetan.

Gazteen Euskal Behatokiak INEk kaleratutako datuak ematen ditu. Horien arabera,2011n 18 eta 29 urte bitarteko 10.633 gaztek emigratu zuten Euskal Autonomia Erkidegotik atzerrira. Horien artean % 98,8k atzerriko naziotasuna zeukaten (10.501) eta % 1,2k bakarrik zuten Espainiako naziotasuna (132).

Espainiako emigrazioa txikiagoa izan zen

GEKek hauxe dio: "Datu horiek 2010ekoekin alderatuz gero, ikus dezakegu irteerak areagotu direla eta 2011n 2010ean baino 4.549 gazte gehiago irten direla. Irteeren hazkunde hori zor zaie atzerriko gazteen irteerei, 2011n 2010ean baino 4.694 gazte atzerritar gehiago joan baitziren. Hau da, atzerriko naziotasuna zuten gazteen emigrazioak % 45eko hazkundea izan zuen urte horretan".

Bestalde, Espainiako naziotasuna zuten gazteen emigrazioa txikiagoa izan zen: 2011n, 2010ean baino 145 gazte gutxiagok emigratu zuten (-%52).

2011n Euskaditik kanpora joandako gazteen norako nagusiak Afrika, Europako Batasuna eta Hego Amerika ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak