Fagor Etxetresna Elektrikoek onartu dute 2013ko gestio plana

Goiatz Arana Begiristain 2013ko maiatzaren 8a

"Gestio plan honek salmenten egonkortasuna bermatzen du atzeraldian diren merkatuetan, eta konpainiaren hazkundea bultzatzen du nazioarteko merkatu estrategikoetan", adierazi dute taldetik. Era berean, Xabier Bengoetxearen izendapena onartu dute Fagor Etxetresna Elektrikoak Kooperatiba Elkarteko Kontseilu Errektorearen presidente berri izateko, Kontseilu Errektorearen berritze partzialarekin batera.

Fagor Etxetresna Elektrikoak Taldeak bere 2013ko gestio plana onartu du asteon kooperatibistek izandako ohiko batzar orokorretan (Arrasaten, atzo, martitzena; eta Basaurin, gaur, eguaztena). "Gestio Plan honen xedea da salmenten egonkortasuna bermatzea atzeraldian diren merkatuetan eta konpainiaren hazkundea sustatzea nazioarteko merkatu estrategikoetan, bere marka nagusiak  sendotuta, produktu berriak merkaturatuta eta Egosketan duen lidergoa mantentzera bereziki bideratutako inbertsio-plana abian jarrita", adierazi dute taldetik. 

Espainiak eta beste merkatu europarrek bizi dituzten aurreikuspen ekonomikoek Fagor Etxetresna Elektrikoak bere hazkundea garatzeko bidean diren merkatuetara orientatzera eraman dute, Errusiara, Txinara edota Ekialde Ertainera hedatuz. Eta errekuperazio eta hazkunde helburu hori lortzeko, Fagor Etxetresna Elektrikoak Taldeak 20 milioi euro inbertituko ditu zenbait proiektutan: "Zehazki, Egosketa negozioan, Fagor lider europarra izanik,  inbertsioak Orleanseko (Frantzia) eta Arrasateko lantegietako indukzio-plataforma berrietara eta Poloniako sukalde-plataforma berrira bideratuko dira". Inbertsio horiekin batera, asmoa da, batetik, konpainiaren marka nagusiak indartzea, Fagor Espainian, De Dietrich nazioarteko merkatuan eta Brandt Frantzian eta, bestetik, etxetresna elektriko ahokagarrien merkatua indartzea. 

Gestio Planean jasotzen dira, halaber, azken produktu-merkaturatzeak eta konpainiaren soluzio energetiko efizienteagoen aldeko apustua: "Azken horien artean, edozein formatako eta tamainatako hainbat ontzi aldi berean erabiltzea ahalbidetzen duen plaketako Horizonetech teknologia eta labeetan kozinatzeko Master Chef funtzio automatikoak ditugu eta baita, garbigailuetako eta ontzi-garbigailuetako ur-, elektrizitate- eta detergente-kontsumoak doituta, uretan eta elektrizitatean, hurrenez hurren, %48 eta %32 aurreztea posible egiten duen Ahorrologic sistema ere".  

Etxetresna txikien sektorean ere, Fagor Etxetresna Elektrikoak lidergo posiziotan dago eta, horren adierazgarri, 2013an, beste berrikuntza batzuekin batera aurkeztuko duen arropako zimurrak kentzeko lurrun-eskuila berritzailea dago. 

2013ko Gestio Plana ere onartu dute kooperatibistek, 2012ko gestio-txostena eta urte bereko kontuak irakurri eta onartu ondoren.

Xabier Bengoetxea, Kontseilu Errektoreko presidente

Batzar Orokorretan jorratutako puntuetako beste bat Kontseilu Errektorearen berritze partziala eta organo horretako presidente berriaren, Xabier Bengoetxearen, izendapena izan da. Bengoetxea Zuzenbidean lizentziatua da EHUn. 2008tik, konpainiako Giza Baliabideetako zuzendari postuan aritu da, eta Kontseilu Errektoreko kidea zen duela bi urtetik; Bergarako Candy-ko gerentea ere izan zen. Bengoetxea Realeko jokalari izandakoa da eta Realeko Administrazio Kontseiluko kide ere bai, Miguel Fuentes presidente zela.

Soldata jaitsiera 

Soldata jaisteko aukerari dagokionez, taldeak ez du argitu puntu hori onartu duten edo ez:  "Eredu kooperatibistaren elkartasun-mekanismoak baliatuz, bazkideek, konpainiak hurrengo urteotan garatuko duen anbizio handiko plan estrategikoa bideratzeko, %6,48ko soldata jaitsiera baloratu dute", dio. 

Bozketa horretako boto kontaketa astelehenean, hilak 13, egingo dute.

Fagor Etxetresna Elektrikoak

Fagor Etxetresna Elektrikoak Taldea etxetresna elektrikoen bosgarren fabrikatzaile europarra da. Espainian %16,3ko merkatu-kuota du eta 2012an 1.167 milioi euro fakturatu zituen. Bere presentzia komertziala mundu osoko 130 herrialdetara hedatzen da, 11 marka komertzialen bidez. Konpainiaren plan estrategikoaren lau zutabe nagusiak “hazkundea, aliantzak, dimentsionamendua eta pertsonak” dira. Espainiako zazpigarren enpresa taldea eta munduko talde kooperatiborik handiena den Mondragon Korporazioko kide da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak