Sistemak aldaketa garrantzitsuak dakartza preskripzioaren eta banaketaren segurtasunean, baina erabiltzaileek ez dute ezer berezirik egin beharrik botikak hartzeko.
Zer da errezeta elektronikoa?
Preskripzio, bisatu, banatze eta salmenta eta fakturazio prozesuak integratzean datza. Medikuek euren osasun zentroetan zein ospitaletan pazientearen "historia bakarrean" txerta ditzakete preskripzioak. Bisatu elektronikoaren bitartez, behar duten botiken kasuetan, farmazia saltokietan eskura daitezke zuzenean.
Herritarrak osasun txartelaren bitartez batzen dira sistema honetara. Sistema honek medikamentuen preskripzioa zein banaketa eta salmenta prozesuen kalitatea eta segurtasuna ahalbidetzen du.
Zer egin, ditugun paperezko errezetekin?
Errezeta horiek erabili behar dira gastatu arte (ez apurtu eta ez bota). Tratamendu kronikoen kasuan, paperezko errezetak gastatzen direnean zuzenean farmaziara joan behar da osasun txartelarekin, kontsultatik pasatu gabe. Han, farmazian, hilabete baterako, gutxi gora behera, botikak emango dituzte. Farmazietako profesionalek, gainera, gaixoek eta erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte.
Ze informazio izango du erabiltzaileak?
Osasun zentroak "tratamendu orria" emango dio eta bertan botiken izena, hartu beharreko dosia, iraupena, hurrengo errebisiorako data eta medikazioa hartzeko aholkuak.
Botikan, nahikoa (eta derrigorrezkoa) izango da osasun txartela erakustea botikak eskuratzeko. Erabiltzailea etxean daukana bukatu baino 10 egun lehenagotik hasita joan daiteke batzera.
Medikuen errebisioak egiten jarraitu behar da?
Bai. Erabat beharrezkoa da medikuen errebisioak egiten jarraitzea, familia medikuak edo gure osasunaren jarraipena egiten duen osasun profesionalak zehazten dutenaren arabera.
Zeintzuk dira eskaintzen dituen abantailak?
Erabiltzaileak, gaixotasun kronikoak dituztenak batez ere, zuzenean joan daitezke farmaziara medikazioa hartzera, aldez aurretik osasun zentrora joan gabe, horrela alperrikako bidaiak egin gabe.
Osasungintzako profesionalek botikak preskribitzeko eta banatzeko orduan segurtasun handiagoa ematen dien sistema bat dute orain. Ondorioz, gaixoen osasunaren segurtasunerako berme handiagoa suposatzen du.
Sistema honen bitartez, osasungintzako profesionalek gaixoak hartzen duen medikazio guztia zein den jakin dezakete, beraz, botiken bikoizketak eta interakzioak ekidin ditzakete tratamenduetan. Era berean, sistemak alertak adierazten dizkie profesionalei bateraezintasunak egon badaitezke edo alergiaren bat badago. Errezetak botikariari botika zehatza dosi zehatzarekin emateko agintzen dio. Horretan oinarrituta, sistemak berak kalkulatzen du une oro zein den eman beharreko kantitatea.
Non har daitezke botikak sistema honen bitartez?
Debagoiena osoan sistema ezarrita dago. Gipuzkoan, Donostian ezik, ezarrita dago herrialde osoan.
Hilabete bat baino gehiagorako oporraldietarako, osasun zentrora joan behar da errezetak paperean eskatzeko.