Errektore Kontseiluko zazpi postu aukeratzea edo berritzea tokatzen zen aurten: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria eta lau bokal. Batzarrera sartu aurretik bozkatu dute bazkideek. KontseiluBerria iniziatibak Kepa Belaustegi proposatu du lehendakari gisa. Dena dela, eta jakina zen bezala, gai-zerrendan puntu hori sartu den arren, KontseiluBerriak ez du berau defendatu, eta ontzat eman du Errektore Kontseiluko postuen erdia baino gehiago berritzea. Bestalde, zuzendaritzak eta Kontseilu Sozialak Xabi Bengoetxea aurkeztu dute lehendakarigai.
Iazko aurrekontua onartzea edo atzera botatzea ere egokitu zaie Fagor Etxetresnetako bazkideei. Dena dela, baiezkoa edo ezezkoa izan, horrek ez du bestelako ondoriorik.
Aurtengo Kudeaketa Plana eta aurrekontuak ere bozkatu dituzte. Gogora ekarri behar da abenduan lau urterako plan estrategikoa onartu zutela % 70eko aldeko botoekin, gutxi gorabehera; hortaz, pentsatzekoa da aurtengo gestio plana ere onartu egingo dutela.
Soldata jaistea ere, ezustekorik ezean, onartu egingo dute bazkideek. Hain zuzen, % 6 jaistea Fagor Etxetresnetako bazkideei, % 80ra arte; eta Fagorreko gainerako kooperatibek gaurko soldatari eustea. Murrizketa horiek onartuko direla pentsatzekoa da, Fagor Etxetresnen bideragarritasun neurriekin bat datorrelako.
Aste honetan, seguru asko, jakinaraziko ditu Fagorrek Arrasateko eta Basauriko batzarretako bozketa bateratuaren emaitzak. Horiek datorren astelehenean Mondragon Korporazioaren batzarrak onartu edo ezeztatu beharko ditu.