1. Hamaika urte pasa dira aurreko diskotik. Gauzak lasai hartzearen aldekoak zareten seinale?
Izan daiteke. Momentua iritsi denean atera dugu; bitartean beste kontu batzuetan-eta ibili gara. Naturala izan da agertze hau.
2. Zazpigarrenari, Uhinak. Zergatik?
Diskoan bada Uhin urdinak izeneko kanta bat, eta hortik etorri zen ideia: uhinak urdinak izan daitezke; baina baita gitarraren uhinak, soinuenak edo malkoak uretara erortzean egindakoak ere. Generikoan utzi dugu, bakoitzak interpretatu ditzala uhin horiek.
3. Izatekotan, zer dute komunean diskoko hamar abestiek?
Letrak egin dituen Asier Serranoren esanetan, paisaia dekadentea irudikatu gura izan du, baina beti positibismo edo argi izpi zuri batekin.
4. Zuk musika, Asier Serranok letra. Funtzionatzen duen tandema?
Urteetako errezeta dugu: hirugarren diskoan hasi zen, eta hau EH Sukarrarekin bosgarren diskoa da. Ohituta gaude elkarrekin lan egitera: nire melodiak edertu egin ditu.
5. Diskoa erosi partez legez kanpo internetetik jaitsi duenari, zer?
Musikariak ohitu gara. Baina uste dut gero eta gutxiago erabiltzen direla legez kanpoko bideak. Spotify modukoak egokiak dira: jaitsi gabe entzun dezakezu diskoa, eta gero erosi ala ez erabaki.
6. Ia 25 urte talde bezala. Ez da ohikoa euskal musikan...
Lehengusu batek esan zidan euskal Rolling Stones-ak izango garela. Zaharrak izan arren rock munduan jarraituko dugula esan nahi zuen. Hala bada, horretan Euskal Herriko lehen belaunaldia izango gara.
7. Abenturak ere izan dituzu: Lorelei, Norton Klub... Arnasbideak?
Baliteke. Lorelei oso esperientzia polita izan zen; Norton Klub Bartzelonan nengoela izandako burutapena. Ondo dago esperimentatzea. Norton Klubekin arrakasta ez zen oso handia izan, eta arrakastaren bi aldeak ezagutu ditut; hortik ere atera daitezke gauza positiboak.
8. Zenbat urte gitarra berarekin?
Oraingo Gibson maitearekin hamasei urte. Zuzenekoetan Arrasateko Soinua dendan erositako Fernandes gitarra erabiltzen dut berriz; horrekin hogeitaka izango dira urteak.
9. Lau anai arreba, lauak musikarekin lotuta. Zer ematen zizueten gosaltzeko?
Musika. Aitak apur bat denetarik entzuten zuen disko-jogailuan; pianoa ere bagenuen. Arrebari gitarra bat oparitu zioten eta hamalau urte nituela, institutuan piper egiten nuenean, etxera joan eta gitarra jotzen ikasi nuen.
10. Nondik Norton?
Ikastolan genbiltzala, 70eko hamarkadako telesail amerikarrak ikusi eta elkarri horietan entzundako abizenak jartzetik.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Maite nautenei eta maite ditudanei urte askotarako osasuna emango nieke makilarekin; gero, alde batera utzi eta ez nuke makilaz ezer gehiago jakin gurako. Behin osasuna ziurtatuta, beste guztia etor dadila datorren moduan".