Mendiko artzainen bizimodua ezagutzera, Degurixara

Ubane Madera 2013ko maiatzaren 6a

Astea hasi berri dugun arren, Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideek dagoeneko egin dute datorren astebururako hitzordua: Degurixara irteera. 12,5 Kilometroko ibilbide gidatua antolatu dute oraingo honetan, 550 metroko desnibela duena eta hartuko den garaiera maximoa 1021 metrokoa izango da. Ibilbideaz beraz gozatzeaz gainera, irteera horren beste helburuetako bat da mendiko artzainen bizimodua ezagutzea.  

Hain zuzen ere, antolataileen esanetan, "bisitariari Parke Naturaleko inguruneetan murgiltzeko aukera eskaini nahi zaio, bideak ezagutzeko, eta baita gure arbasoen aztarnak interpretatzeko aukera. Bestalde naturarekin kontaktuan gozatzen duten guztiei igande goiz atseginak igarotzeko gonbita luzatzen zaie, izan ere, ibilaldietan, ingurune naturalarekiko errespetu baloreak jorratu nahi dira. Ibilaldiak publiko guztiarentzat pentsatuak izan dira".

Ibilbide oparoa

Maiatzaren 12an, domeka, 09:00tan egin dute hitzordua, Oñatiko Araotz auzoko elizaren alboan dagoen aparkalekutik gora abiatzeko. Antolatutako ibilbide gidaturen bitartez, honako txoko eta bazterrak ezagutu ahalko dira: "Santikrutzeko ermita, Ugastegiko bidegurutzea, Oñati eta Aretxabaleta udalerrien banalerroa eta Munakolatzako bidea ezagutzeko aukera izango da baita Zaraiako mendizerran kokatutako leku paregabe bat ezagutzeko aukera ere, Degurixako "begia", bertatik Degurixako bailara guztia ikusi ahal izango da. Ibilbide guztian zehar Andarto izango dugu erreferente, mendigune hau perspektiba desberdinetatik ikusiko dugu". 

Degurixa: artzainen saroien kokagune

Zaraia mendizerran kokatutako bailara itxia da Degurixa. Sakonune karstiko hau, kareharrizko substratuaren hondoratze baten ondorioz sortu zen. Urteetan zehar bertan sedimentatu diren lur guztiak oso ingurune emankorra bilakatu zuten, Artzainek beraien saroiak kokatzeko erabiliko zutena. Gaur egun, hamar bat txabola daude bertan, antzinako artzain kulturaren esentzia mantentzen dutenak. Andarto, Maruatx, Aranguren eta Ezate mendiez inguraturik Aizkorri-Aratz Parque Naturaleko paisaia kultural jatorrenetako bat dugu hau.

Izena emateko

Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideek apirilean abiarazi zuten mendi ibilaldi gidatuen ekimeneko bigarren hitzordua izango da hauxe. Guztira, 6 mendi irteera egingo dituzte. Eta parte hartzeko, izena eman beharra dago: 3 euro ordainduta helduek eta bi euro ordainduta 6-12 urte bitarteko umeek. Interesatuak telefonoz zein emailez jar daitezke kontaktuan Arantzazuko Parketxearekin (943 78 28 94 edo 665 72 14 08). Mendiko arropa, botak eta makila ekartzea gomendatzen da.

Hurrengo irteerak

Mendi ibilbide gidatuen hurrengo hitzorduak honako hauek dira: ekainaren 9an, Andraitz, Aizkorri mendizerrako paisaia karstikoa; ekainaren 20an, Aloña, mendiaren ilunabarra; Irailaren 15ean Sekilaga-Zurkurtz, Kalahorrako bidea eta urriaren 13an, Oñati Arantzazu, erromesen bidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak