"Ekimen hori duela urte batzuk Bertso-Diner izenarekin hasi zuen Beñat Etxebarria errefuxiatuak Belfasten. Aurten Derryra joan garenez, izena aldatu diogu: Aurtengoa Bertso-Derry izan da", kontatu digu bertan izan den Ander Elortondo arrasatearrak.
Bertsotan eta kantuan
Elortondok Derryn egin zieten harrera beroa azpimarratu du, eta baita asteburu osoan izandako giro bikaina ere. Anje Duhalde abeslaria ere lagun izan dute bidaian eta egubakoitz iluntzean kontzertua eskaini zuen; gaelikoz ere kantatu zituen hainbat abesti. Zapatuan izan zen egun handia. Lehenengo, triki-poteo modukoa egin zuten Otxandioko soinu-jole batekin eta arratsaldean, Bertso-Derry: "100 lagun inguru batu ginen bazkaltzeko. Bertso saioan, bi herrialdeen arteko loturak egiten saiatu ginen uneoro. Gai-jartzaileak, esaterako, lau bertsoren puntuak gaelikoz ipini zituen".
Hurrengo urtekoa lotuta
2014an Bertso-Derry izango denik ezin zalantzak jarri. Euskal Herrira data ipinita itzuli dira. Datorren urteko Maiatzaren 1eko zubian euskarak eta gaelikoak bat egingo dute berriz Derryn.