Zein da orain arteko balorazioa?
Oso pozik gaude, Gipuzkoako garraio publikoko sare lehiakor, bateratu, bidezko eta iraunkorraren aldeko apustu handia delako. Proiektua diseinatzea eta kudeatzea ez da erraza izan, goitik behera aldatu behar izan dugulako Gipuzkoako garraio publikoaren sistema. Baina zailtasunak gainditu ditugu eta garraio publikorako tarifa-sistema bateratua duen EAEko lehen lurraldea gara.
Herritarrek zela hartu dute Mugi?
Harrera ona egin diote, gehienbat, onurengatik. Mugik deskontu handiak eskaintzen dizkie garraio publikoa gehien erabiltzen dutenei, garraiobide ezberdinetako bidaiek kostu bera izan dezatela bermatzen du, garraiatzaile berarekin egindako garraio-aldaketak doan dira eta deskontuak eskaintzen ditu ezberdinekin egindakoetan, eta hobariak eskaintzen dizkie talderen bateko erabiltzaileei baldintza oso onuragarrietan bidaiatzeko.
Zeresana eman dute gazteen taldeko arazoek edo Kutxabankeko sarean txartelak ezin kargatu izanak…
Arazoak izan ditugu, baina gehienak konpondu ditugu. Gazteei dagokienez, talde jakin batekoak direnez, egiaztatu behar dute errenta-eskakizunak ez duela 2,5ez gainditzen IPREM adierazlea, eta hori egiaztatzeko baimena eman behar dute. Arazoa izan da ezin izan dela egiaztatu, Ogasunarekin inongo harremanik ez edukitzeagatik, Gipuzkoako Foru Ogasunaren datu-basean erregistratu gabe zeuden gazteen errenta. Ondorioz horien txartelak blokeatu egin ziren, eta Mugi arrunta bidali zitzaien, eskakizuna betetzen ez zutelakoan. Egoeraren berri izan bezain pronto, Agintaritzak arazoa konpondu eta txartel horiek desblokeatu zituen. Horrela, aipatutako erabiltzaileek bi txartelak erabili ahal izango dituzte, denbora batez. Kutxabanki dagokionez, hark ez du bete Mugi sistemako txartelak bere sarean kargatzeko epeak betetzeko konpromisoa. Horrek atzerapenak eragin ditu, eta martxoaren 18a arte ezin izan dira Mugi txartelak Kutxabankeko kutxazainetan kargatu. Esan, arazo hori Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eskumenetik kanpo badago ere, barkamena eskatu nahi diegula erabiltzaileei horrek eragin ahal izan dizkien eragozpenengatik.
Ezartze prozesuan, zer nabarmenduko zenuke?
Parte hartu dugunon lan gogorra. Mugiren helburu nagusietako bat garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritzea da, eta gehienbat, zailtasun gehien dituztenei laguntzea, taldeentzako hobarien bidez. Horretarako, errenta-eskakizun bat ezarri dugu: talde jakin bateko erabiltzailearen errentak ezin du 2,5ez gainditu IPREM. Hori egiaztatzeko, banan-banan aztertu behar dira kasuak. Gainera, ahalegin handia egin dugu herritarrei arreta emateko. Horrela, 80.000 kontsulta baino gehiago kudeatu dira arreta zentroetan, eta 35.000 txartel berri baino gehiago inprimatu eta bidali dira. Horri esker, dagoeneko 180.000 txartel baino gehiago erabili dira Mugin, tarifa-sistema bateratuaren onurekin.
Ze zailtasun nagusi izan dituzue?
Nagusia aldaketa bera izan da; aurreikusi ezin diren hainbat gairi aurre egin behar izan diegu. Bereziki, informazio-eskaera masiboari. Berehala antzeman genuen hori, eta informazioa emateko zerbitzuak indartzea erabaki genuen. Hala, informazio-gune ibiltariak jarri genituen Gipuzkoako hainbat herritan. 20.000 lagun baino gehiagoren galderak erantzun dira, eta 6.000 eskaeratik gora izapidetu. Aldi berean, indartu egin genituen Mugiren informazioa emateko bideak: Easo kaleko (74. zk.) Bezeroei Arreta Emateko Bulegoak, 943 000 117 telefonoa eta www.mugipuzkoa.com webgunea. Azkenik, Mugi sareko saltokietako lana eta ahalegina azpimarratu nahiko nuke: 19.770 txartel izapidetu dituzte eta herritarrei informazioa eskaini diete, eskuzabaltasun osoz.