Fagor Etxetresna Elektrikoak Taldearen etorkizuna mahai gainean

Ubane Madera 2013ko maiatzaren 7a

Gaur, martitzena, egingo dute Fagor Etxetresnetako bazkideek aurtengo batzar orokorra; 2.000 lagun pasa daude deituta. Bihar, eguaztena, Basaurin (Edesa) egingo dute, eta maiatzaren 13an, berriz, korporazioarena izango da. Gaurko batzarrari dagokionez, kooperatibaren norabidea bideratuko duten puntuak jorratuko dituzte eta, horrez gain, KontseiluBerria iniziatibak bere proposamena aurkeztuko du.

2.000 lagun pasa daude deituta Fagor Etxetresnetako aurtengo batzar orokorrera. Izan ere, bazkide aktiboez, gaur egun bertan lanean dabiltzanez gain, bazkide ez aktiboak ere deituta daude, gaur egun lanean ez egon arren kapitala oraindik kooperatiban dutenak. Garagartzako Garbigailu, Ontzi Garbigailu eta Egosketa plantetako bazkideak, zerbitzu zentralekoak, Hozkailuetakoak, Eskoriatzako plantakoak (presiozko lapikoak) eta Bergarako Geyser lantegikoak daude deituta, hain justu.

Lanpostuak seme-alabei  

Batzar orokorra Uarkape frontoian izango da, eta 09:30erako egin dute lehen deialdia; bigarrena, berriz, 10:00etarako da. "Gure batzarrak luzeak izaten dira; hiruzpalau ordukoa izango da", adierazi du Elena Goirizelaiak, Fagorreko komunikazio arduradunak. 

Gai-zerrendan, besteak beste, Fagor Etxetresnen iazko kontuen eta emaitzen berri ematea eta haiek onartzea dago; 2012ko Gestio Planaren gaineko akordioa eta iazko emaitzen banaketa ere bai; 2013rako Gestio Plana onartzea ere proposatuko dute; eta, besteak beste, lanpostua bazkideen seme-alabei uztearen gaineko puntua kentzea planteatuko diete bazkideei.

Berez, aipatutako puntuok kooperatibaren beraren norabidea bideratuko dutenak izateak batzarrari garrantzi handia emateaz gainera, bestelako berezitasunik ere badu gaurko hitzorduak; izan ere, KontseiluBerria iniziatibak bere proposamena aurkeztuko du. Ahots Kooperatibista korronteko kideek eta beste bazkide batzuek osatu dute KontseiluBerria.

Bost puntuko programa 

Bada, KontseiluBerria iniziatibak bost puntuko programa aurkeztuko du Fagorren batzarrean, honako eskaerekin: "1: Debagoieneko eta Basauriko planta produktiboetako lana mantentzea; 2: aurrerakinak ez jaistea gehiago eta 20 milioi euroko aportazioa ahalbidetzea kooperatibaren kapital sozialari, aparteko ordainsariaren erdia emanez kopuru horretara irtsi arte; 3: Kontseilu Errektore gardenago eta parte-hartzaileagoa, Estatutu Sozialek dioten moduan;  4: Kapital sozialaren ekarpenak bueltatzea errespetatzea eta borondatezko ekarpenak negoziatzea, eta 5: Ekarpen Finantzario Subordinatuen portzentaje bat erostea, kasu kritikoak konpondu eta Fagorren ospea berreskuratzeko". Baina puntu horien artean, KontseiluBerriarentzat garrantzitsuenak dira "lanpostuak eta produkzioa hemen mantentzea (Debagoienean eta Basaurin) plantak itxi barik" eta kooperatibaren funtzionamendu orokorra "gardena eta parte-hartzailea" izatea, "ekonomiako enpresa sozial baten modura".   

Errektore Kontseilu berria 

Horrekin batera eta 400 bazkideren sinadurek babestuta, beste eskaera bat ere egin du korronte kritikoak: Kontseilu Errektore berria aukeratzeko bozketa eskatzeko puntua batzarreko gai-zerrendan sartzea. Bada, puntua gai-zerrendan onartu egin duten arren, KontseiluBerria iniziatibak azken orduan erabaki du ez duela hori "defendatu" behar. 

"Hala ere, Kontseilu Errektoreko presidente izateko hautagai Kepa Belaustegik (KontseiluBerria iniziatibako kide denak) bazkideen esku utziko du puntu hori. Hori bai, gaur egun beharrezkoa ez dela pentsatzen duenez, eta arazotsua izan daitekeela uste duenez, bide hori bertan behera gera dadin  ahalegina egingo du", jakinarazi dute KontseiluBerriko iturriek.  

Errektore Kontseilu osoa berritzeko eskaera ez defendatzeko erabakian "eragina izan du, besteak beste, orain arteko Errektore Kontseiluko presidentearen (Xabier Retegi) dimisioak, Kontseiluko 12 kidetatik 7 berrituko direla (erdia baino gehiago) eta KontseiluBerriak hautagaitza alternatiborik" lortu ez izanak, esplikatu dute.  Hala ere, esandakoa, bazkideen esku utziko dute batzarrean puntu hori bozkatu edo ez. 

Bozketa proposamena

Erabakia dena delakoa izanda ere, KontseiluBerria iniziatibak jakinarazi du bide hori itxiz gero, bost puntuko euren programa (edo "sikiera 1, 3, 4 eta 5 puntuak") lortzeko "ikusten duten bide bakarra" dela batzarrean aurkeztuko diren sei puntutan ze boto eman proposatzea, eta baita ere, Kepa Belaustegi presidente izatearen alde bozkatzea, "gure programarekin bat datozen presidente-orde, idazkari eta lau bokalen alde ere eginez".    

Seme-alaben jarraipenari, bai

Boto proposamenari dagokionez, berriz, KontseiluBerriak proposatzen du honako hiru puntuon kontra bozkatzea: 2012ko Gestio Plana; 2013ko Gestio Plana; eta bazkideen lanpostua bazkideen seme-alabei uztearen gaineko puntua kentzea. 

Azken horrekin lotuta, diote "bazkideekiko konpromisoa" dela "krisi sasoian seme-alabei aukera eman behar" zaiela langile finko edo aldi baterako permanente moduan sartzeko. "Modu horretan, kapitala enpresan mantenduko litzateke, likidezia beharra eta kapital kopuru txikia dugun honetan".

Urteko kontuak eta 2012ko emaitzen banaketari, berriz, baiezkoa ematea proposatzen dute. 

Eta horrekin batera, korronte kritikoko iturriek azpimarratu dute kooperatibak proposatutako soldaten jaitsieraren arrazoiaren atzetik "galerak eragin dituen kudeaketa akats handiak" daudela. "Geldialdiak eta esplikaziorik ez duten bestelako defizientziak" aipatzen dituzte. Hala ere, gaineratzen dute soldatak jaistea onartuko balitz, modu progresiboan egin beharko litzatekeela hori; hau da, "gehien jaitsita gehien irabazten duenari eta gutxien soldata txikiena duenari".  

"Epe luzerako proiektua"

Edozelan ere. Fagorren batzar orokorrean erabakitzen den guztia ez da behin betikoa izango. Izan ere, Mondragon Korporazioak maiatzaren 13an duen batzarrak erabakitzeko eskumena dauka, kooperatiba legearen arabera. 

Dena dela, argi dagoena da datozen asteotan finkatuko dela Fagorren norabidea. Ez ditu orain bizi bere historiako momenturik onenak, baina, "ez da egia" Fagor, eta zehazki, Fagor Garagartza ixtekotan dabiltzanik, eta ezta ere saltzeko bidean dagoenik, azkenaldian entzun izan den moduan. Elena Goirizelaiak puntu hori gezurtatzeaz batera, gogora ekarri du "abenduan lau urterako plan estrategikoa" onartu zela, eta "epe luzerako proiektua dugu", gehitu du indarrez.  

Hazkunde proposamena

Fagor Etxetresna Elektrikoak Taldeak 2012ko emaitzak aurkeztu ditu asteon, "epe luzeko iraunkortasuneko hazkunde proposamenarekin batera". Zera azpimarratu dute: "Merkatu-kuota %0,7 gehitu du Espainian eta sektoreko bosgarren fabrikatzaile europarra izateari eusten dio, %16,3, %14,2 eta %7,2ko merkatu-kuotak lortuz Espainian, Frantzian eta Polonian, hurrenez hurren". 2016rako plan estrategikoan, berriz, "salmentak 100 milioi euro gehitu nahi ditu". Eta horretara bideratutako planaren ardatz nagusiak izango dira "enpresa-aliantzen bidez kooperatibak produkzio-kostuak optimizatzea, erosketa bateratuak egitea eta bere marketako etxetresna elektrikoak garatzeko bidean dauden herrialdeetan komertzializatzea". 

Horrekin batera, jakinarazi du iaz 37 milioi euro inbertitu zituela berrikuntzetarako. Eta 1.167 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuela ekitaldia (2011n baino %9 gutxiagorekin). Hain zuzen, 89 milioi euroko saldo negatiboa dute, "kontsumoaren beherakadaren, nazioarteko hedapenera bideratutako inbertsioaren eta merkatuaren errealitate berrira egokitzeko prozesuaren ondorioz". Bestalde, adierazi du, baita ere, "nazioarteko salmentak negozio-bolumenaren %76" izan zirela. Aldiz, fakturazioa %10,9 jaitsi zen estatuan. Hala ere, 2013an %10eko hazkundea espero dute nazioartean. "Hedapen-esparru berria urratuko du Dubain ireki berri duen filialari esker. De Dietrich, Fagor eta Brandt markak komertzializatuko dira Ekialde Ertainean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak