Bilboko Kale Nagusian atera zen kalera ELA sindikatua maiatzaren lehenaren harira, Eskubide sozialen alde lelopean, eta mobilizatu beharra dagoela aldarrikatu zuen Adolfo Muñoz idazkari nagusiak, 13.000 lagunen aurrean. Hilaren 30erako deitutako greba orokorra horretarako erabiliko du ELAk. "Beste tresnarik ez dugu ezagutzen egoera bideratzeko. Baina, zer aldatu? Murrizketen bidea". Urkulluren gobernua hartzen ari den bidea salatu zuen eta patronalarentzat ere izan zituen hitzak. 2014an berriz ere murrizketa gehiago egon ez dadin, aldaketa sakonak eskatu zituen Muñozek.
LABek eskualdez eskualde zabaldu zuen langileentzako mezua atzo, Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria leloarekin, hilaren 30eko greba orokorrerako motorrak berotzen. Enplegua sortzeko eta industria biziberritzeko beharra nabarmendu zuen sindikatuak: "Euskal Herrian inbertitzen baldin bada, Euskal Herria krisitik irten daiteke. Industria ez da suntsitzen ari krisi baten erdian gaudelako; gaur egungo egoera erabaki politikoek eragin dute", salatu zuen LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Durangon.
CCOOk eta UGTk Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egin zituzten manifestazioak. Premiazkoa negoziatzearen alde egin zuten, uztailaren 7tik aurrera lan-erreformaren ondorioak saihesteko (data horretan hitzarmen kolektibo ugari baliorik gabe geratzen direlako); eta murrizketei buruzko erreferenduma egiteko eskatu zuten.
ESK, EILAS eta CGT sindikatuek Blangladesheko arropa lantegia erortzean hildako 400 langileak minutu bateko isiluneaz gogoratuz hasi zuten atzoko ekitaldia, Bilboko Done Jakue plazan. Aurretik, manifestazio jendetsua egina zuten, Kale Nagusitik abiatuta, Lanen banaketa. Aberastasunaren banaketa lelopean. Elastiko artazidunak eta greba orokorrerako aldarriak izan ziren nagusi.