Maiatzaren 1eko ekintzak Eibarren eta hiriburuetan egingo dituzte

Leire Kortabarria 2013ko maiatzaren 1a

Krisiak eta murrizketek markatutako eguna izango da aurten ere gaurkoa, maiatzaren 1a. ELAk autobusak antolatu ditu Debagoienetik Bilbora joateko, eta LABek kale-agerraldira eta bazkarira Eibarrera joateko dei egiten du.

Sindikatu nagusietatik, CCOO eta UGTk batera ospatuko dute, eta ESK eta Eilasek ere bai. Debagoienean ez da ekitaldi berezirik izango, eta ekitaldi orokorretara joateko dei egin dute hemengo ordezkari sindikalek.

ELA Bilbora

ELA sindikatuak Bilbora joatera deitu du. Jesusen Bihotzetik abiatuko dira kale-agerraldian 11:30ean, Eskubide sozialen alde leloarekin. Ohiko aldarrikapenak egingo dituzte: aberastasuna banatzeko eta fiskalitate bidezkoago baten alde. Horrez gain, maiatzaren 30erako deitutako grebarekin bat egiteko eskatuko diete langileei. ELAren iritziz, Maiatzaren 1a "aukera egokia" da "zurrunbilo neoliberal eta zentralizatzaileari" aurre egiteko.

Kale-agerraldia eta gero, BECen bazkaria izango dute afiliatuek eta lagunek. 6.000 lagun inguru espero dituzte. 

ELAren ekitaldietara joateko autobusak izango dira Debagoienetik: Aretxabaletatik 09:30ean irtengo da, Tesa ondoko geltokitik, eta Arrasaten jendea batuko du 09:45ean. Oñatitik beste autobus bat irtengo da 09:45ean, eta Bergaran 10:00etan geldituko da.

LAB Eibarrera

LAB sindikatuak Eibarren egingo du kale-agerraldia, 12:00etan, eta bazkaria 14:30ean, Untzaga plazan. 19:00etan kontzertuak izango dira gaztetxean. Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria da aurtengo leloa, eta bertako "herri eta eskualdeetako enplegua eta etorkizuna defendatzeko" dei egin du LABek. Euren iritziz, izan ere, Euskal Herriak bizi duen "emergentzia egoera" ez da krisiaren ondorio, baizik eta "krisia aitzakia hartuta aplikatzen ari diren politiken ondorioa".

ESK hiriburuetara

ESK sindikatuak euskal hiriburuetan agerraldiak egingo ditu, Eilas, CNT eta CGT sindikatuekin eta hainbat gizarte-plataforma eta eragilerekin batera. Bestalde, Errenteriatik Donostiara martxa egingo dute, Errenteriatik 09:00etan irtenda. Boulevardean agerraldia egingo dute segidan, 12:30ean. Gainerako hiriburuetarako, hauek dira ordutegiak: Bilboko Kale Nagusian, 11:30ean agerraldia; Iruñean, Recoletos plazan, 11:30ean mitina eta 12:00etan agerraldia; eta Gasteizen, Bilbao plazan, 12:30ean, kale-agerraldia.

Borrokatu leloarekin, enplegua, etxeko lanak, zaintza-lanak eta aberastasuna banatzeko eskatuko dute. Horrez gain, Maiatzaren 1eko ekintzak hilaren 30eko greba orokorraren "abiapuntutzat" hartuko dituzte.

CCOO eta UGT elkarrekin

CCOO eta UGT sindikatuen Euskadiko ordezkaritzek batera ospatuko dute Maiatzaren 1a, eta ordu berean, 12:00etan, kale-agerraldiak egingo dituzte Bilbon (Jesusen Bihotzetik abiatuta), Donostian (Alderdi Ederren) eta Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazan). Ez daukate mugarik. Zure eskubideak babestu itzazu lelopean ibiliko dira kalerik kale.

Oraingoz, behintzat, ez CCOOk ez UGT ez dute bat egin Gune plataformak deitutako greba deialdiarekin; beraz, Maiatzaren 1ean beste egun batera, uztailaren 7ra begira jartzeko dei egiten du CCOOk: "Egun horretan orain berealdiko aktibitatean dauden hitzarmenen indarraldia bukatzen hasiko da, eta inoiz baino garrantzitsuagoa da negoziazio kolektiboaren erreformari uko egitea, eta jarrera hau kalean erakutsi behar dugu".

Lan-hitzarmenera bidea ireki da

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek eta Biharko enpresak -adineko pertsonentzako sei egoitza eta hamaika eguneko zentro kudeatzen dituenak Gipuzkoan- lan-hitzarmena sinatze aldeko aurre-akordioa lortu zuten joan den egubakoitzean. Lan-hitzarmen hori Gizarte Politikako Departamentuak egindako proposamenean oinarrituta dago. Horrek 350 langilerengan izango du eragina, eta horietatik % 96 emakumeak dira.

Hain zuzen lan-hitzarmena oraindik egin gabe dagoelako, bost eguneko greba hastekoak ziren gaur, astelehena, Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak