Gai orokorra izanda ere, ibarrean errepideko txirrindularitza osasuntsu ote dagoen izan zen lehen galdera. Izan ere, profesional mailan hiru ordezkari ditugu (Irizar, Velasco eta Aristi) eta hori argigarria izan daiteke, edo ez. Iker Sanchez hasi zen berbetan: "Seguru Markel [Irizar] kadete mailan zebilen sasoia gaur egungoa baino askoz hobea zela, gazte gehiago zebiltzala sasoi hartan. Urte batzuetan beherakada handia egon zen, baina orain errekuperatzen dabil, kategoria txikietan neska-mutikoak dabiltza, eta ez nuke esango egoera txarra denik, baina bai hobetzeko modukoa". Lan horren erakusle dira azken hiru astetan Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Bergaran alebin eta infantilendako egin dituzten lasterketak: "Adin horretan txirrindularitzak jolas bat izan behar du".
Guraso moduan, begi onez
Irizarrek guraso ikuspuntutik egin zuen berba: "Semeetako batek esango balidake bizikletan ibiltzea nahi duela, animatu egingo nuke. Txirrindularitzak, maila horietan, hezkuntza ikuspuntutik oso balore positiboak dituela uste dut. Nik halaxe bizi izan nuen, nahiz eta egia den gazte-gaztetatik oso serio hartu nuela ziklismoa, profesionaletara iristeko bide hori da irakatsi zidatena".
Harrobiko klubak, bakarrik
Telebistako txirrindularitzak ondo landutako harrobia behar du, baina horretarako klubek laguntasuna behar dute. Hori izan zen Odriozolak azpimarratu zuena. Esaterako, ziklista gazteekin lan egiteko ondo prestatutako entrenatzaileak behar dira, borondate ona izatea ez delako nahikoa: "Badira bi urte guk proiektu bat aurkeztu genuela, baina hainbat arrazoi tarteko azken apustua egitea falta da. Proiektu horren asmoa da Gipuzkoan talde profesional bat sortzea, helburu garbi batzuekin. Talde txikia izan daiteke, ez da horrenbeste aurrekontu behar, baina helburu garbiak izan behar ditu. Gora begira egon beharrean, lurraldeko klubei begira egin beharko luke lan talde horrek, Dorletako Ama, Aloña Mendi edo Lokatza moduko klubekin hartu-emana izan, bertako entrenatzaileak hezteko lan egin, etxeko txirrindulari gazteei lagundu, ziklismoa eta ikasketak bateragarri egiteko unibertsitateekin hitzarmenak egin... Hori guztia jasota dago proiektuan, eta hori da herri honetan dugun talde profesionalean gaur egun egiten ez dena".
Euskaltel taldearen bilakaeraz oso kritiko, bailarara etorrita, Kanpanzar Harrobiak taldeak bailaran afizionatu mailan zegoen hutsunea bete izana azpimarratu zuen Odriozolak, izan ere, urtetan Debagoienean lasterketak bai, baina amateur mailan oso txirrindulari gutxi izan ditugu, eta talderik ere ez. Amaitzeko, gogoeta propioa: "Ederra da afizionatuetan horren maila ona izatea. Baina kontraesana dirudien arren, horrek ez die mesede egiten bizikletaz gozatu nahi duten amateurrei, profesionaletara salto egin nahi dutenekin lehiatu behar dutelako. Eta alde handiegia dago, ondorioz, bizikleta oso serio hartzen ez dutenek amore ematen dute".