Mondragon Korporazioko kide batek, Oronak, 83,4 milioi euroko irabaziak izan ditu 2012ko ekitaldian, eta 569,1 milioi euroko negozio-zifra lortu du, aurreko ekitaldian baino % 2,3 gehiago. Horren berri eman zuen Oronak joan den astelehenean, hilak 22, Kursaal jauregian egindako batzar orokorrean.
Brasilgo 4. enpresa-taldea
Ekitaldiko datuekin batera, Brasilgo AMG Elevadores taldearen erosketaren berri eman zuen Oronak. AMG taldea hori igogailuen sektoreko Brasilgo 4. enpresa-taldea da, eta, horrenbestez, hura erostearekin "urrats garrantzitsua" egin du Oronak atzerrian zabaltzen joateko helburuari dagokionez; izan ere, Europatik kanpo erosten duen lehenengo enpresa da esandakoa. Nazioartean zabaltzea eta leku aldetik dibertsifikatzea helburu estrategikoa da Oronarendako, berrikuntzarekin batera. Ekitaldi berean jakinarazi zutenez, ez da erosketa bakarra izan: Frantzian beste bi enpresa eta Norvegian beste bat erosi ditu Orona kooperatibak; denak "erreferentziazkoak".
AMG Elevadores taldea erosita, datozen urteetan Brasilen 100 milioi euroko negozio-zifra lortzea espero du Oronak, eta munduko lehen hamarren artean kokatzea.
Berrikuntzari dagokionez, 60 milioi euro eta salmenten % 2 inguru, inbertitu zituen iaz horretan.