Gurean gobernuz kanpoko erakundeez gain, zenbait banku eta instituzioek eskaintza zabala dute. Egia da gazteak aisia burua dutela, baina bai lankidetzak, bai auzolandegi edo brigadek, lana izanda ere, aisialdirako tokia lagatzen dute.
80 eta 90eko hamarkadetan, boluntario programa hauek oso modan jarri ziren eta uda besteentzako lan eginez igarotzea ekintza arrunta zen. Orain, programak ugaritu egin diren arren, bertara jotzen dutenen perfila aldatu egin da.
Boluntarioak 20 urte inguru izaten dituzte, eta euren buruan lan egitea duten arren, esperientzia ezohiko eta aberasgarri bat izaten dute. Zorionez, kooperazio programa hauen bitartez bi gauzak uztartzea erraza izaten da. Zoritxarrez, baina, oso esperientzia aberasgarria izan arren, arduradunek boluntarioen jaitsiera bat sumatu dute. Dorleta Kortazar Arrasteko Gazte Bulegoko teknikariaren hitzetan "gazte gutxiago etortzen dira orain". Hala ere musu truk egiten diren lan hauek eskaera ugari jasotzen dituzte. Udan lan egiteko programen artean, nazioartekoak dira ezagunenak, baina ez dira bakarrak, "brigadak, auzolandegiak, lankidetzak". Aukerak ez dira mota ezberdinetan geratzen. Adina eta interesen arabera eskaintza dezente aldatzen da.
Nagusien zaintza,kooperazio programak, zaharberritze lanak... Bakoitzak bere interesen araberako ekintza aurkitzeko tokia dauka, hala ere, Kortazarrek zera azpimarratzen du, "guztiak gizartearekin zerikusi handia izaten dute". Teknikariak ere lankidetza programa hauek "bizitako esperientzia sakona" moduan aipatzen ditu. Ez zaio arrazoirik falta, hondartza eta tabernetatik at uda probetxugarri bat pasatzeko apustua egiten dutenek ematen dutena baino gehiago jasotzen dute. "Askotan, bertatik bueltatu eta gero konturatzen dira esperientziak euren pentsatzeko era aldatu egin dela" dio Kortazarrek.
Lankidetzak kanpoan
India, Hego Amerika... Garapen bidean dauden herrialdeetan lan egiteko aukera asko dago, baina bertara joateko minimo batzuk eskatzen dituzte. Eusko Jaurlaritzak 100 plaza eskaintzen ditu urtero eta eskaintza zabala den arren, urtero jende ugari kanpoan geratzen da. Herrialdearen arabera, hilabete bat, bi edo hiru arte luzatu daiteke lankidetza. "Gehienetan, 18 urtetik gorakoa izatea eskatzen dute" dio Kortazarrek. Tramiteak errazteagatik eskatzen da adinduna izatea.
Boluntarioek, normalean, urte guztian zehar egonkor dauden programetan parte hartzen dute. Horri esker, "euren segurtasuna guztiz bermatua egoten da" dio Kortazarrek. Hori oso positiboa dela dio. Gainera, programa honekin bidaia ere barne dago "boluntarioak bere lanagatik ez du dirurik jasotzen, baina Jaurlaritzak lo egiteko toki bat, otorduak eta bidaia ordaintzen dizkio".
Bertan egiten diren lanak oso anitzak izanik, gehienetan, oinarrizko zerbitzuak indartu edo martxan jartzeko izan ohi dira. Irakasle lanak, eskola bera eraikitzen... Ia guztia egiteko dagoen herrialde batean edozein laguntza ere, asko izaten da.
Egindako lanaren bueltan gainera, abantailak ugariak dira. Herrialde baten izaera ezagutzeko luxurik handiena bertakoen eskutik ezagutzea da, eta honelako programek muga hori gainditu egiten dute. Bisitaria, lan eta turismo egitera hurbiltzen bada ere, bere lanari esker, lan egiten duten komunitatean barneratzen da. Aurreiritzi eta estereotipoetatik urrun dagoen herrialde bat ezagutuz. Hori da, lankidetzak eman dezakeen altxorrik preziatuena. Bertakoen begien bitartez, jatorriz zurea ez de ingurune berri bat ezagutzeko aukera paregabea.
Auzolandegiak
Gugandik hurbilago, uda besteentzako lan egiten igarotzeko ere aukera asko daude. Auzolandegiak azken urteetan dezente ugaritu dira. Kasu honetan gainera, zenbait programatan parte hartzeko 16 urte izatea nahikoa da. Horri esker, gazte gehiagok parte hartzea lortzen dute. Adinaren kontua ez da gazteak erakartzen dituen gauza bakarra. Auzolandegietan ez da jardun osorik egiten, gehienetan bi edo hiru ordu lan egin ondoren, aisiarako denbora dezente egon ohi da. Jarduera bikoitz honek gazte asko erakartzen ditu.
Zaharren egoitzak, eraikin historikoak berriztapen programak... Aukera oso anitza da eta gazte euskaldunak erakartzeaz gainera, beste erkidego batzuetako gazteak ere animatzen dira gure auzolandegietan parte hartzera. Honela, lan egiteaz gainera, auzolandegiek izan ohi dituzten irteera eta aisialdi jardueren bitartez, arrotza zaien beste Euskal Herri berri bat ezagutzen dute.
Lana doan da?
Kanpotik begiratu ezkero erantzuna erraza da. BAI, lana doan egiten da. Baina apur bat barneratu ezkero erantzuna dezente zailtzen da. Honelako uda batean parte hartu ondoren, "aberasgarria", "bizitza ikusteko modua aldatu dit"... Bezalakoak entzuteak oso arrunta da. Egia da askotan, lana ez dela modu errazenean egiten, baina horren truke bizitako esperientziak guztia gainditzen du.
Argi dago, lana musu truk egiten dela, eta gehienetan lan horren ostean beste pertsona baten irribarrea besterik jasotzen dela. Zorionez, oraindik diruaren aurretik, irribarre bat nahiago duenik geratzen da.
-----------------
Xabi Pascual (Kolonbian kooperante): "Txiroagoak izan arren, guk baino aberastasun espiritual handiagoa dute"
Xabi Pascualek beti izan du mundua ezagutzeko gogoa, eta lankidetza programak, inongo filtrorik gabe Kolonbia ezagutzeko aukera eman zion.
Beti izan duzu kooperazioa buruan? Nik programa lagun baten bitartez ezagutu nuen. Dena den, beti izan dut beste herrialde batzuetan gertatzen dena ezagutzeko gogoa, eta programa honek errealitate hori ezagutzeko aukera eman zidan.
Zuk nahi zenuen tokira joan zinen? Zuk ez duzu lurraldea aukeratzen; zure perfila aztertu eta erakundeen beharren arabera batera edo beste batera eroaten zaituzte. Ni Medellinera, Kolonbiara joan nintzen.
Nolako proiektua izan zen? Misiolari batzuen proiektuan parte hartu nuen Medellinen bertan. Baina azken bi hilabeteak Medellinetik hiru ordura dagoen Amagan egin nituen. Bertan meategietan lan egiten duten umeekin egiten genuen lan. Kontua da umeak eskolara joan aurretik edo ostean meategietan lan egiten dutela. Janariaren bitartez erakarri eta eurekin jolastu edo etxerako lanak egiten genituen.
Beharrak ugariak izango dira? Ezberdintasunak oso handiak dira, bai. Toki batetik bestera ezberdintasunak ikaragarriak dira. Hala ere, txiroagoak izan arren, guk baino aberastasun espiritual handiagoa dutela esango nuke. Gazte zein helduek oso egoera gogorrak bizi dituzten arren, ez dute bizitzeko grina edo poztasun hori galtzen.
Igartzen da erakundeen lana? Nik egindakoa ez nuke lana izan zenik izango; ni ikastera joan nintzen. Baina bai, gobernuzko kanpoko erakundeen lana asko igartzen da. Batzuetan delinkuentzia tasa jaistera ere iristen dira. Oso jende prestatuak egiten du lan eta hori ikusi egiten da.
-----------------
Orbaiz Formoso (Mizpirualde egoitzako psikologoa): "Erlazioak asko eztutzen dira eta zenbaitek eskutitzak jaso dituzte"
Badira urte batzuk Mizpirualde egoitzak. Bergara Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren akordioari esker, gazteak hartzen dituela. Bertako psikologoak oso balorazio positiboa egiten du.
Nolako auzolandegiak dira Mizpirualdekoak? Bergarako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza batetik sortutako ekimen bati esker etortzen dira hona.
Urtero gazte kopuru bera etortzen da? Ez. Urtearen arabera kopuru ezberdina izan dugu.
Nolako lana egiten dute hemen? Hona gosaldu ostean etortzen dira, eta bi orduz egiten dute lan. Uda garaian bisita kopurua dezente jaisten da eta gazteek konpainia handia egiten dute. Dena den, gure beharren arabera antolatzen ditugu auzolandegiak.
Lan egin ondoren zer egiten dute? Egunaren arabera, kanpotarrak direnez, Xabalote gaztelekuan egiten dute lo eta egunaren arabera ekintza ezberdinak egiten dituzte: hondartzara, festaren batera... Azkenean, gure inguruak oso ondo ezagutzen dituzte.
Joan eta gero kontaktua mantentzen dute? Ez da beti gertatzen. Egonaldian elkarren arteko erlazioak asko estutzen dira eta zenbait nagusik gutunak edo deiak jaso dituzte.
-----------------
'www.gazteaukera.euskadi.net'
Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen webgunean informazio guztia ageri da. Euskadiko gazteei zuzendua dagoen atarian auzolandegi edo lankidetza programa guztien gaineko jakin beharreko informazio guztia dago. Hala ere, Arrasateko Gazte Bulegoan ere programa hauen gaineko informazio aukera zabala ere badago.

