1. Lehen saioa hasteko minutu gutxi geratzen zirela, zela zegoen urduritasun maila?
Urduritasun eguna izan zen. Askorik ez genuen pentsatu: segituan atera eta egin genuen; lehen eguna izateko oso ondo moldatu ginen lantaldearekin. Ondo joan zen; audientzien zain gaude orain...
2. Ya queda menos-i buruz ez dut ezer entzun. Zer da jakin beharreko garrantzitsuena?
Gaurkotasuna duten gaiak umore puntuarekin jorratzen ditugula eta barre batzuk egiten ditugula.
3. Nola hartu zenuen bertan egoteko proposamena?
Informatiboetako zuzentasunera ohituta, Oscar Terolen deia sorpresaz hartu nuen eta proposamenari pentsatu gabe esan nion baietz. Guztiz ezberdina den komunikazio adar baten sartzen ari naiz, eta oso ondo nago bertan.
4. Eta zer moduz moldatzen zara hainbeste umoristaren artean?
Hasieran oso arraro sentitu nintzen; izan ere nik etxean ikusi izan ditut, Vaya Semanita- eta. Umorista aski ezagunak dira, niretzat, goi mailako langileak. Eurekin egotea sorpresa hutsa izan da eta gustura egon naiz.
5. Zuri zerk eragiten dizkizu barre algarak?
Barre egiten malko errazekoa naiz. Gauza askok ematen didate barregura, bereziki politika kontuak umorearekin lantzeak.
6. Euren berri ematen hasi aurretik; zenbat zenekien isobarez?
Gutxi. Sei egunetan pasa nintzen kiroletatik eguraldira: egun horietan ikastaro arin bat egin nuen. Telebista ikusita edo Internetekin, ezagutza handituz joan da.
7. Eta eguraldia dela eta, kalean errieta asko egiten dizute?
Herrian bai esaten didate bat ere ez dugula asmatzen eta horrelakoak. Arropei buruz esaten dizkidate gauza gehiago: daramatzadan pitilloak, takoiak... Herrian bestelako itxura batekin ibiltzen naiz.
8. Garai baten kazetaritzatik aparte ibili zinen.
Oporraldietan-eta bakarrik deitzen zidatenez, nazkatu eta beste lan batzuk egin nituen: zerbitzari, idazkari... Gero Deia-n kolaboratzen hasi eta berriz sartu nintzen mundu honetan. Kazetaritzatik at badela mundua ikusi nuen, baina kazetaritza gustatzen zaidala gehien.
9. Twitterren nahiko aktibo ikusten zaitugu.
Bereziki azkenaldian. Nire ideiak inongo presio barik azaltzeko aukera ematen dit: egun txarra dudala, autobidean ez duela inork eskuineko erraila erabiltzen...
10. Lezamarra. Badu zentzurik zein taldetakoa zaren galdetzeak?
Bai; ez naiz Athleticekoa. Esateak lotsa eman arren, Bebetorekin-eta Coruñako Deportivoz maitemindu nintzen. Ez naiz zale amorratua, baina gustatzen zait.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Mundua erabat aldatuko nuke: maltzurrak kartzelara sartu, krisialdiarekin bukatu... Duela hamabost urteko garaira itzuli ez, baina mundu hobe bat sortuko nuke. Uste dut lehen hobeto bizi ginela".