Datorrena ondo hartzen badakite nekazariek

Leire Kortabarria 2013ko apirilaren 30a

Negua joan zen dagoeneko; martxoaren 20an bukatu zen. Baina neguaren eraginak oraindik hemen daude. Hori ondotxo dakite nekazariek. Izan ere, euriarengatik eta hezetasunagatik gogoratuko dugu aurtengo negua. Urtarrilaren 11n botatzen hasi, eta 540 litro bota zuen hilabetean; bakarrik lau egunetan ez zuen euririk egin, eta, udaberria hasi arte, bakarrik 13 egunetan. Otsailean eta martxoan, 700 litro bota zuen Debagoienean, ohiko urte oso baten botatzen duen erdia. Elurra ere bota du.

Ur horren guztiaren eragin entzunena lurjausiak izan ziren, baina hori baino ondorio gehiago dago: izan ere, ortuko lana atzeratu egin du eguraldi horrek eta, ondorioz, bailarako nekazariek ezin izan dituzte gura besteko lanak egin ez eta gura zuten generoa landatu.

Oraindik urte ona izan daiteke 

Arrasateko Bedoña auzoko Mariasun Iturbe baserritarrak hauxe dio: "Oraingo, lan batzuk aurreratuta eduki beharko genituzke, baina ezin izan da. Lurra prestatu, hori da ezin izan duguna egin". Zergatia azaltzen digu: "Gure lurrak astunak dira, lokatza-lurrak dira, eta denbora behar dute". Heze-heze daude oraindik; Etxebarri baserriko emakume horrek dioen moduan, "lurrari bere tenperatura oratu behar zaio; orain, lurra ez dago bere aroan". 

Ortua erdi hutsik dauka: "Baba beltzak, ilarrak, berakatzak…batzuk izan ditugu, baina sasoi honetan ez dago generorik ortuan. Hain heze joan izan ez balitz, akaso zati batzuk moldatuta, sats batzuk kenduta… izango genituzke".

Neguak negu dira eta halako eguraldia espero da; nekazariak ohituta daude. Hala ere, aurtengoa ezohikoa izan da: "40 urte daroat hemen eta ez naiz hainbeste eurirekin akordatzen. Zelaietan pitzadurak atera dizkigu eta kalte handia egin digu. Lana izango dugu lurrari eusten; ortuari, zelaiari eta beste denari".

Mariasun Iturbe aurrera begira dago; hain zuzen, San Isidro egun ingurura. Orduan izaten dute nekazariek ortuan ereiteko momentua eta, Iturberen esanetan, "garai polita" izaten da ortua lantzeko. "Piperra eta tomatea, patatak, lekak, azenarioa, erremolatxa gorria, zerba… gehiena orduan sartzen da". Baina horretarako eguraldi sanoa behar da. 

Orain bertan lanak atzeratuta etorri arren, ezin da esan aurtengo uzta nolakoa izango den: "Aurten oraindik egin dezake beste urte batzuetan moduan. Akaso urte onena izan daiteke, baina ezin da aurretik jakin". 

Gauza onak ere badaude 

Bedoñako baserritar horrek ez dauka negutegirik eta, horregatik, bere ortua "motza" dela dio: uztailetik orain arte. Baina ortua eroatea erabaki duen bati negutegia ipintzea gomendatzen dio. 

Negutegia badaukate Arrasateko Askasibar baserrikoek. Rakel Perez de Arenaza baserritarrak   dioenez, horrela ekoizpenaren zati bat babestu egiten dute. Askasibargo baserritarrak kontsumo-talde baten daude, ekoizle gisa, eta taldekoei beti zer edo zer eskaintzeko moduan daude. 

Baina, negutegiarekin edo negutegi barik, baserritarrak "gora eta behera begira" bizi direla esaten du Perez de Arenazak. Neguko eguraldiak lana atzeratu diela onartzen digu: "Beharbada aurten patata maiatzean sartuko dugu. Traktorea pasatu berri dugu belarra pixka bat eskardatzeko, baina hiru hilabetean ezin izan da baratzean ezer sartu. Geneuzkan ilarrak urak eroan ditu".

Askasibargo baserritarrak beti ahalegintzen dira kontsumitzaileei zerbait eskaintzen, izan ere, merkatuetara kanpoko generoa dator. Baina datorrena onartzen ere badakite baserritarrek, eta, ondorioz, kontsumo taldekoek ere bai: "Akordioa daukagu sasoian sasoiko produktuak saltzeko. Asko dagoenean, gehiago sartzen dugu otzaretan, eta gutxi dagoenean, dagoena. Beste urte batzuetan moduan, porruak, zerbak, gordeta dauzkagun patata eta kalabaza, negutegiko letxugak… horiek gabiltza sartzen".

Adibide bat ipintzen du Perez de Arenazak: "Denbora aurrera doanean, patata sartzea tokatzen da. Oraindik ez dugu sartu, lurra oraindik oso bustita dagoelako. Patata bi txandatan sartzen dugu: urtarril edo otsail aldera txanda bat, eta gero, maiatz aldera, beste bat. Bat atzeratzen bada, beharbada txanda bakarrarekin geratuko gara, baina lurrak beti ematen digu jateko zer edo zer, eta urtero pasatzen da zer edo zer. Aurten euria egin du eta onartu egiten dugu etorri dena; udaberrian, aurrerago, beharbada txingorra egingo du". Eta, gaineratzen duenez, denak du alde on eta alde ez hain ona: "Zuhaitzak oso politak datoz. Dena lorean dago, erleendako oso ona da hori. Gauza batzuk oso onak dira segun eta zertarako. Ezin gara kexatu. Datorrena hartu behar da. Beharbada oso uzta ona izango dugu; patatan beharbada ez, baina madaritan, baliteke; edo beharbada erleek ezti asko egingo dute. Bi aldeak ditugu".

Ez da salbuespen egoera 

Baserritarren lanaren inguruko kontzientzia indartzeko balio dezakete oraingoa moduko egoerek. Hauxe dio Deba-Garaia Landa Garapen Elkarteko Mari Karmen Iturbe teknikariak: "Nekazariona berez lan gogorra da eta, horrez gain, eguraldiari begira bizi gara. Baina kontsumo-taldeetan konpromiso bat dago, eta horrek garrantzi handia dauka". Iturberen iritziz, nekazarien alde dago beste hau: jendeak, gero eta gehiago, bertako, gertuko produktuak nahi dituela.

Konpentsazio-neurri askorik ez da izango joan den neguaren kontura. Galdutakoa konpentsatzeko dirulaguntzak eskatzeko bide propio bat ez dago; erakundeek horiek sortzen dituzte kalte oso handiak izan diren kasuetarako, Foru Aldundiko Landa alorreko teknikari Joxean Garmendiak dioskun moduan: "Katastrofea edo hondamendia kontsideratzeko, ekoizpenaren %30 galdu behar izaten da". Oraingo kasuan, "puntualki" ere egon ahal izan dira kalte bereziki handiak, baina, orokorrean, ez. Baserritar batzuek aseguruak dituzte, baina oraingo egoera ez litzateke asegurupean sartuko. 

Lehen sektoreko Gipuzkoako elkarte gehienek ere ez dute laguntza eskaera askorik jaso. Gipuzkoako Baso Elkarteko (GEBE) Jone Maioz teknikariak dioenez, "ez da laguntza-lerro berezirik ireki", ez eta lurjausietarako ere: "Azaro baten, uholdeek lurjausi dezente eragin zuten eta orduan laguntza-dekretu bat egin zuten. Baina orain, ohiko laguntza-bideak daude". Lurjausiengatik dirulaguntzak eskatu nahi dituzten lur-jabeek basozainaren bidez tramitatu ahal izan dituzte eskaerak, eta horretarako txosten teknikoa egin behar da. Maiozek dioenez, orain arte GEBEk bideetan izandako kalteengatik txosten bat eta luiziengatik bi tramitatu ditu.

-----------------

Teknologia berriak ikasteko

Bailarako landa inguruetara IKT-ak (Informazio eta Komunikazioko Teknologiak) gerturatzeko, Landatic delako ikastaroa antolatu dute. Ordenagailua eta Internet erabiltzen ikasteko doako jardunaldiak izango dira. Ekainean izango da eta 24 ordu emango dituzte guztira. Arratsaldeetan izango dira eskolak. Izenemate epea zabalik dago datorren eguaztenera arte, hilak 30. Horretarako, deitu 943 76 25 47 telefono zenbakira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak