Aurtengo errenta kanpainan aurrekoan baino 32 milioi euro gehiago jasotzea espero du Ogasunak. Zeren arabera egin duzue aurreikuspena?
Emaitza netoa izango litzateke 32 milioi gehiago, baina hor, berez, hiru efektu nabarmendu behar ditugu. Batetik, efektu positiboa, iaz egin genituen zerga aldaketengatik, eta hor ikusten dugu 60 milioiko gehikuntza. Kapital errenta handien zerga-ordainketengatik eta abarretatik eratorria. Bestetik, bi efektu negatibo: batetik, 2012ko aparteko soldata funtzionarioei ordaindu ez izanagatik; bestetik, bilakaera ekonomikoaren efektuarengatik, ze errenten gehikuntza ez baita izan guk aurreikusitakoa. Hortaz, 60 milioi gehiago, baina egoera ekonomikoarengatik eta kontrako beste efektu batzuengatik, kendu behar zaizkio 28 milioi.
2011n egindako zerga politika aldaketari esker izango da bilketa 32 milioikoa? Bestela, zenbatekoa izango litzateke?
Iaz baino zerga bilketa txikiagoa, 28 milioi gutxiago, aipatu ditudan bi arrazoiengatik: egoera ekonomiko okerrarengatik eta funtzionarioek aparteko soldata jaso ez izanagatik.
Ezinbestekoak, hortaz, egindako aldaketak?
Bai, batetik, sinisten dugulako, ezkerreko ikuspuntua daukagulako; baina, bestetik, egoerak horretara behartzen gaituelako. Gastu publikoari eustea da gure helburua.
Batutakoaren ze zatirekin geratzen da Gipuzkoako Diputazioa?
%18 ingururekin; Gipuzkoako Ogasuna izan arren diru bilketa egiten duena, gero, beste erakunde batzuei banatu behar zaie: Jaurlaritzari, udalei eta Estatuari. 2009an, Gipuzkoako Diputazioaren aurrekontua 900 milioitik gora zen, ia 1.000 milioi. Gaur egun, 670 milioi euro da; 300 milioi gutxiago kudeatzen dugu.
Errenta eta ondare zergen aitorpen kanpaina ze moduz doa?
Ondo. Ia 400.000 aitorpen egiten dira urtean eta erdia baino apur bat gutxiago autolikidazioen bidez egiten da. Oraingoz, bi astean, jada, onartu dira autolikidazioen %60. Asko da. Horrek erakusten du, batetik, nahiko ondo eginda daudela eta, bestetik, zergadunek konfiantza daukatela Ogasunean. Bestalde, bi asteotan, 50.000 mekanizatu inguru egin dira dagoeneko eta hori ere asko da.
Jarduera ekonomikoa sustatzeko kenkaria, 400 eurokoa, desagertu egin da aurten. Zergatik?
Egia esan, ogasunek ez zuten ez kendu eta ezta jarri ere. Hori momentuko neurri bat izan zen, Zapaterok ezarri zuena eta bere garaian Foru Aldundian zeudenek aplikatu zutena. Baina 2011n amaitu zen eta kito. Edozelan ere, kontsumoa sustatzeko kenkari gisa, gure ustez, ez da egokia. Batetik, ez duelako errentaren gaineko diskriminaziorik egiten eta gutxi edo asko sortu edo eduki arren, aberatsagoa edo txiroagoa izan arren, berdin jasotzen dituzulako 400 euroak. Ez gaude horren alde. Kontsumoa bultzatzeko beste modu batzuk badaude eta, horretarako ere, errenta txikiagokoei laguntzea da bidea, errenta handikoek badute-eta kontsumo ahalmena. BEZa bezalako zeharkako zergak ez igotzea izan daiteke neurri bat kontsumoa bultzatzeko.
Kontsumoa bultzatzeko neurri berezirik planteatzen duzue?
Kenkari berezirik-eta, ez. Baina, argi esan behar dugu Gipuzkoako Diputaziotik bultzatzen ditugun ekimen guztiak direla ekonomia eta enplegua sustatzeko. Jendarte politiketan, enpleguari eusteko ekimenen bidez; edo, kirolean, diru-laguntzen bidez… Gastu publikoak ere bultzatzen ditu enplegua eta jarduera ekonomikoa. Irakurketa hori egin beharra dago. Zergen bidez jasotzen dugun dirua, Diputazioari dagokion partea, lurraldean gastatzen dugu.
Zer espero duzue zerga Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarekin?
Ogasunaren aurrean, benetan, jendeak daukan diruaren arabera egitea zerga-ordainketa. Horregatik, Ondare Zergak zeukan bi zirrikitu nagusi itxi nahi izan ditugu: bata, ezkutu fiskala eta, bestea, enpresetako partaidetzena. Ezkutu fiskalarengatik, jendeak oso ondare handia izanda ere, muga bateraino egin behar zuen zerga-ordainketa. Gure ustez, behar zuenaren oso azpitik. Bestetik, enpresen partaidetza ez zen kontuan hartzen zerga-bilketarako eta guk uste dugu hori ere zerga ondarearen zati dela eta, ondorioz, horren zerga-ordainketa egin behar dela. Ekitatearen ikuspegitik, ondare jakin bat daukanak ordaindu behar du dagokiona eta ez zirrikituak erabiliz, zerga ordainketari uko egin.
Errenta aitorpena aurkezterakoan, herritarrei dokumentu bat emango zaie iaz egin zen zerga-bilketari dagokiona eta bertan, besteak beste, zerga-bilketaren banaketa zehazten duzue, erakundeei zer banatzen zaien zehaztuz. Kontatuko diguzu zertan den hori?
Hasiera-hasieratik planteatu genuen. Konturatu behar gara herritarrei, zergadunei, ahalegin bat eskatzen diegula eta, gutxienez, gardentasuna eta informazioa zor dizkiegu. 400.000 biztanlek egiten du Gipuzkoan errenta aitorpena eta horiei adierazten diegu zenbat batu den eta ze erakundetara doan batutako dirua eta, era berean, Aldundian geratzen den hori, zertan gastatzen den.
Zenbaten dago presio fiskala gaur egun Gipuzkoan?
2000ko lehen hamarkadan %34an zegoen. Gure ustez oso baxua da, bereziki, inguruko herrialdeekin alderatuz gero. Europako batez bestekoa da %40. Eta Europa Iparraldeko edo herri aurreratuenetan, %45ean-edo izango da. Hortaz, oraindik marjina daukagu, horrek dakarren kontraprestazioarekin: sektore publikoak esku hartze handiagoa izatea ekonomian eta jendartean.
Iruzur fiskalari aurre egiteko erakundeen arteko koordinazioa beharrezkoa dela diozu. Ze harreman daukazue, zentzu horretan, lurralde ezberdinetako ogasunek?
Harremanak badauzkagu erakundeon artean, logikoa den moduan, bai maila teknikoan eta baita politikoan ere, baina uste dugu harreman hori areagotu egin daitekeela. Prozedura ofizial egin beharko litzateke, itun edo hitzarmen bidez. Erakundeen arteko koordinazioaren alde gaude, betiere iruzur fiskalaren kontrako borrokan eraginkorragoak izateko.
Diru bilketaren eskumena diputazioetan egotearen aldekoak zarete ala Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak arautu eta kudeatu beharko luke?
Gure erakunde-egiturak arazoak ditu, erokeria da ogasunari dagokionez hiru lurralde, hiru bilketa-erakunde, edukitzea eta Jaurlaritzak ez edukitzea horren gaineko eskumenik, nahiz eta euskal erakunderik handiena izan. Eredua ez da oso eraginkorra, erakundeen arteko koordinazioa zaila delako eta harmonizazioa ere zailagoa delako. Eredu berri batera joan beharko genuke.
Kooperatibetako langileek erretiroa hartzean jasotzen dutenagatik ordaindu egin beharko dute aurrerantzean. Zergatik?
Aspaldiko araua da, baina orain arte kooperatibistei ez zitzaien eskatzen horregatik zergak ordaintzea. Arauari heltzen badiogu, errenta horiengatik ere zergak ordaindu behar dira. Hortaz, indarrean jarri dugu ekitatearen ikuspegitik justuak izatearren, baina baita arauak bete behar direlako. Ez gara ibili neurri berezi horren bila, kasualitatez aurkitu genuen araua eta betetzen ez zela ikusi dugunez, erabaki dugu indarrean jartzea. Ez dugu diru bilketaren ikuspegitik egin, ekitatearen aldetik baizik.