Musika hasi bezain laster Gipuzkoa osotik iritsitako taldeen desfilea hasi zen. Maillot koloretsuen erakustaldiaren ostean iritsi zen benetako lehia. Taldeka lehiatu zirenak uztaia izan zuten erabili beharreko elementua eta bakarkako lehiakideek aldiz pilota erabili behar izan zuten.
Zapatukoa, txapelketa bat baino gehiago, ligaxka moduko lehiaketa bat izan zen. Lehen fase honetan lortutako emaitzekin batez bestekoa egin eta onenak soilik sailkatzen dira maiatzean izango den Gipuzkoako txapelketara. Hortaz, ligaxkako saioa izan arren, honelako lehiaketek azken txapelketarako garrantzi handia dute.
Ariznoa elkartea
Bergarako elkarteak maila bakoitzean talde bana aurkeztu zuen. Etxean egotearen babesa eta presioa nabaritu zuten gimnasta gazteek. Kimuek, oso ariketa on bati esker, bigarren postua eskuratu zuten. Haur mailakoek, ostera, ez zuten horren emaitza borobila lortu. Hala ere, laugarren postuarekin gustura gelditu ziren.
Arrasate Dragoi Taldea
Bergarakoaren aldean, Arrasatek talde handiagoa aurkeztu zuen. Horregatik, taldeka lehiatzeaz gain, bakarkakolehiaketara gimnasta bat aurkeztu zuten: Haur mailako Leire Ugartek laugarren postua eskuratu zuen.
Taldekako txapelketan, aldiz, emaitza guztiak ez ziren horren onak izan. Maialen Diaz, Leire Elizaran, Ane Gorosabel, Maite Iraeta, Araitz Altube, Ane Gorosabel eta Kimi Lopez de Aretxagak osatutako taldeak akats txiki batzuk egin zituen eta, ondorioz, zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Eneritz Lage, Andrea Hernandez, Alba Revuelta, Maite Oliden, Maitane Ugarte eta Amaiur Mendizabalen taldeak, aldiz, ez zuten apenas akatsik egin eta hirugarren bukatu zuten. Hala ere, gimnasta gehienek maiatzaren 11ko Ordiziako zita dute buruan, hura izango baita hilabeteetan itxaroten egoten diren txapelketa handia.