Kaleetan barrena 'Kanto'ren askatasuna aldarrikatu ostean, Munibe plazan ohorezko aurreskua dantzatu diete senitartekoei. Ekitaldi xume baina sentikorra izan da. 'Kanto'ren seme Markel Azkargortak hitza hartu eta eskerrak eman nahi izan dizkie gerturatu diren guztiei, baita egunerokotasunean hurbiltzen diren guztiei ere, izan ere, herritarren elkartasunak indar asko ematen dio familiari eta “gero guk jasotako guztia kartzelara eramaten dugu, aitak babesa senti dezan". Gainera gehitu du aita ondo dagoela, “lasai dago, eta poliki poliki herrira ekartzea lortuko dugu". Herriko beste presoak ere gogoan izan ditu Markelek eta besarkada bat bidali die guztiei, baita “gaur espetxean bere burua aurkeztu duen Nahikari Otaegiri ere” alabarekin batera 4 urtez kartzela zigorra bete beharko baitu.
Ekitaldia amaitzeko etorkizuneko gazteek, zapi urdin baten bidez, Azkargortak daraman urte bakoitza zenbakitan adierazi eta etxeratzea eskatu dute. Ondoren gorputza berotzeko jaki batzuetaz gozatzeko aukera izan dute.