Abendua ezkero etenda zeuden domeketako dantza ekitaldiak. Elgetako Espaloian izango da estreinaldia domekan, hilak 28. Gainera, Montero ez da bakarrik egongo, Txertubi bikotea alboan izango baitu musikarekin saioa girotzen. "Arrabots taldeko Arkaitz Miner eta Txus Aranburu, hain zuzen ere", adierazi du Patxi Monterok. Hori horrela, domekan dantza egitera animatzen direnek ordu eta erdiko saio gidatuan parte hartzeko aukera izango dute, Espaloian, 19:00etatik 20:30era.
Elgetako saioa formatu berri baten abiapuntua izango da. Aurrerantzean bailara mailako egitura izango du Herrixa Dantzan ekimenak, eta ekainera bitartean Patxi Monterok txandakatu egingo ditu herriak. Elgetan, Bergaran eta Eskoriatzan egingo ditu saiook.
Arrasaten, gaur
Gaur iluntzean, ohi bezala 20:00etan hasita, Arrasateko Garaia taberna-jatetxean elkartuko dira herritarrak, Herrixa Dantzan saioaren barruan.