Pedalka izeneko saio berria estreinatuko du Goiena telebistak gaur, eguena, 21:50ean. Saioan ikusi ahal izango da Julen Iriondo Goienako kazetariak Frantziako Alpeetara egindako bidaia: Leman lakuan hasi zuen bere abentura eta Mediterraneo itsasoan amaitu, bizikletarekin 700 kilometro inguru egin eta gero.
Alpe Handien Ibilbidea izenekoa XX. mende hasieran egokitu zuten bidaiarientzat. Ordutik, hamaika bazterretako jendea hartzen du: bizikletaz, oinez edo askotariko ibilgailuetan.
Txoko liluragarriak eta hamaika bizikera
Julen Iriondok bizikleta eta alforjak hartu –barruan bederatzi egunerako behar zuen guztia– eta iazko uztailean egin zuen Iseran, Galibier edo Izoard bezalako mendate ezagun eta ederrak bidean dituen ibilbidea.
Horiek mendate ezagunak; baina hamaika txoko liluragarri bezain ezezagun –edo ezezagunago behintzat– ezagutu ahal izango ditugu Pedalka saioan. Eta ez hori bakarrik, baita bidean topatutako mila eratako jendea ere.
Izan ere, saio berria ez da izango soilik Alpeetako paisaia ederrekin eta kirolarekin lotutakoa –hori ere bai, noski–; ikusi ahal izango dira, baita ere, bidean topatutako lagunen bizitzeko erak –bizikletarekin dozenaka herrialde ezagutu duen erretiratua (lanetik), urteetan pilatutako fosilak furgonetarekin saltzetik bizi dena,...–, aisialdirako inguru haiek ematen dituzten aukerak –bizikleta eta rafting jaitsierak,...– eta abar luze bat.