LAB sindikatuak Maiatzaren 1ean Eibarrera joateko dei egin die debagoiendarrei

Goiatz Arana Begiristain 2013ko apirilaren 24a

"Euskal Herria eta gure eskualdea emergentzia egoeran daude eta emergentzia egoera hau ez da krisiaren emaitza, krisia aitzakia hartuta aplikatzen ari diren politiken ondorioa baizik", LAB sindikatuaren esanetan. Horri gehitu dio "emergentzia egoera honi aurre egiteko Maiatzaren 1eko mobilizazioa garrantzitsua" izango dela Gasteizko eta Iruñeko gobernuei "beste politika batzuk" exijitzeko, eta debagoiendarrei dei egin die egun horretan, 12:00etan, Eibarren egingo duten manifestazioan parte hartzeko.

"Maiatzaren 1ean askotan salatu izan dugu gure lantokietako egoera eta aurten ere egin beharrean gaude. Lantoki asko itxi dituzte, soldatak izugarri murriztu dituzte eta lanorduak eta prekarietateak nabarmen egin dute gora. Baina egoera sozial larria da bereziki kezkatzen gaituena. Euskal Herria eta gure eskualdea emergentzia egoeran daude eta emergentzia egoera hau ez da krisiaren emaitza, krisia aitzakia hartuta aplikatzen ari diren politiken ondorioa baizik", dio sindikatuak, prentsa ohar bidez. 

"Langile klasea pobretzeko neurriak"

Sindikatuak kritikatu du orain arteko neurriek ez dutela "ezertarako" balio izan, "langile klasea pobretzeko" bakarrik: "Eraso ugari jaso ditugu jada eta gaur egun ere Madridik plan oso bat ezartzen ari dira kapitalismorik basatiena ezartzeko. Plan hau langile klasea pobretzean eta bere burua defendatzeko bitartekorik gabe uztean oinarritzen da. Guztiok ikusi dugu argi eta garbi orain arte inposatu dizkiguten neurri guztiek ez dutela balio izan ezer konpontzeko; alderantziz, gizartearen gehiengo handi baten bizi baldintzak okertzeko eta pobreziara eta eskubiderik gabeko egoera batera bultzatzeko bakarrik balio dutela".

"Soluzioa Euskal Herrian bertan"

Egoera horri buelta eman behar zaio, sindikatuaren esanetan, eta hemen lan, bizi eta erabakitzea proposatzen du: "Euskal Herrian egoera honi buelta eman behar diogu lantokietan, ikastetxetan, herrietan indarrak bilduz, mobilizatuz  gure herri eta eskualdeetako enplegua eta etorkizuna defendatuz. Hemen lan , hemen bizi, hemen erabaki".

"Emergentzia egoera honi" aurre egiteko Maiatzaren 1eko mobilizazioa garrantzitsutzat jo du LABek, "langilea, lana duena, langabezian dagoena, helduak, gazteak... batzeko eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuei beste politika batzuk exijitzeko eta amildegira garamatzaten politikak ez aplikatzeko eskatzeko".

Manifestazioa, bazkaria eta kontzertuak

LAB sindikatutik deialdi zabala egin diete gure eskualdeko langile guztiei datorren Maiatzaren 1ean, eguerdiko hamabietan, Eibarren egingo duten manifestazioan parte hartzeko.

Ondoren bazkaria egingo dute Untzaga plazan, 14:30ean; eta 19:00etan, kontzertuak izango dira Eibarko gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak