Sektore horretako ELAko ordezkariek bidalitako prentsa-oharrean azaltzen dutenez, otsailaren 6an Foru Aldundiak proposamen bat egin zuen eta hura betetzeko 8,2 milioi euro ipiniko zituela esan zuen. "ELAk eta LABek proposamena onartu genuen, erreformak lapurtzen dizkigun lan-baldintzak bermatzeko. Baina patronalak ez du proposamena onartu nahi".
Salatzen dutenez, hitzarmen berri bat sinatu ezean, soldatan 400 euro gutxiago kobratuko dituzte eta 200 lan ordu gehiago izango dituzte. Horrez gain,lan-erreforma aplikatuko diete.
"Edozein langilek ulertu dezake enpresak 5.000 euro kenduz gero horri aurre egiteko duen defentsa bakarra borroka dela", esaten dute sindikatuek.
"Barkamena" eskatzen diete grebak kaltetuko dituen guztiei, horrek zerbitzuen kalitateari eragingo diola badakitelako. Zerbitzu minimoak osorik eta agindu bezala emango dituztela ziurtatzen dute, ordea.
Zerbitzu minimoak
Gutxieneko zerbitzuak %50ekoak izango dira, Eusko Jaurlaritzak zehaztu zuenez. %60koak izango dira, ordea, adinekoak jaiki eta oheratzeko orduetan, eta baita bazkalorduetan ere.