Hekimenek elkartasuna adierazi dio 'Argia' aldizkariko kazetari Lander Arbelaitzi

Goiatz Arana Begiristain 2013ko apirilaren 24a

Arbelaitzi elkartasuna adierazi dio eta Ertzaintzaren jarrera gaitzetsi du Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen Elkarteak. Kazetariek nahi duten ikuspuntutik informatzeko daukaten eskubidea aldarrikatu du elkarteak.

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak elkartasuna agertu dio Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariari, Aske Gunea husteko operazioaren barruan jasotako tratua dela-eta. 

Hekimeneko kide sortzaileetako bat da Argia aldizkaria, Hekimenen helburuetako bat da euskal hedabideen presentzia eta eragina handitzea gizartean eta, horretarako, ezinbestekoa da gero eta informazio kalitatezkoagoa eskaintzea. Hekimenen ustez, "Lander Arbelaitz informazio zuzena emateko ahalegin betean ari zen Ertzaintzak, eskuan zeukan akreditazioa kontuan hartu gabe, lurrera bota, astindua eman eta bertatik atera zuenean".

Hekimenek, gainera, guztiz ezegokitzat jotzen du Ertzaintzako buruek hartu zuten erabakia "kazetariak gune itxi eta bereizi batean zedarritzeko". "Kazetarien oinarrizko eskubideetako bat da informazio ahal bezain hurbilen eta, batez ere, nahi duten ikuspuntutik eman ahal izatea. Hori da kazetaritza. Hori da gure lana", dio Hekimenek plazaratutako oharrak.

50 hedabidetik gora batzen ditu Hekimenek, tartean Goiena Komunikazio taldea, eta Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusia da elkarteko presidentea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak