Eskulangile kualifikatu asko Alemaniara, Ipar Europara… doaz.
Bai. Herrialde horietatik, gehienbat, langile eskaera bat dago, eta badago arriskua hemengo tituludunak Europara joatea eta ez bueltatzea.
Urte txar batzuk geratzen dira oraindik, ekonomia aldetik…
Oraindik urte bat edo bi, behintzat, geratzen da. Baina hau momentuko krisia da eta irtengo gara, eta orduan, langile kualifikatu teknikoak behar izango dira. Erdi mailako heziketa zikloak egiten dabiltzan ikasle askok lana izango dute.
EAEn, ikasleen erdiak daude Lanbide Heziketan. Debagoienean, zenbat?
1.138 ikasle daude Lanbide Heziketa ematen dugun zazpi ikastetxeetan. 12 familiako 23 titulu ematen ditugu.
Gaur egun, ze ikasketa eskatzen ditu jende gehienak?
Industrialak jaitsi egin dira pixka bat, baina, gezurra badirudi ere, demandatuenak izaten jarraitzen dute, horietako tituludunendako gero lana izango dela aurreikusten delako: mekanizazioa, mantenua, elektrizitatea… Beste batzuetarako ere gero eta eskaera gehiago ditugu.
Euskadiko Lanbide Heziketa Alemaniakoaren parekoa dela dio Lanbide Heziketako zuzendariak, Jorge Arevalok.
Euskadiko Lanbide Heziketa erreferentea da Europan eta munduan. Argi dago beste herrialde batzuetatik ere gauzak hartu ditzakegula guk hobetzeko. Baina hemen, enpresan praktikak egin ditzakete, eta hori hemengo berezitasun bat da; Alemanian, enpresan egiten dute zati bat eta ikastetxean beste bat.