John Andueza: "Irudi txar batek ez du hitz polit batzuek baino gehiago balio"

Txomin Madina Milikua 2013ko api. 25a, 02:00

AEBetan jaioa, oso txikitan heldu zen Arrasatera eta telebistak egin zuen ezagun; hainbat ikus-entzunezko lanen ostean, bigarren liburua, 'Kankaleko misterioa', aurkeztu du.

1. Mapan begira egon gara... eta Kankalen arrastorik ez.

Existitzen da; bada Kantauri itsasaldean Kankalen oso antzeko herri bat. Baina autoreok lizentzia batzuk hartzen ditugu eta benetako izenaren partez erabili dut Kankal. 

2. Kankalen gertatutako zein misterio argitzen da liburuan?

Kostako herria izanik, udan turisten oporlekua da. Uda baten gizon bat agertzen da hondartzan tiroz hilda; hortik abiatzen da dena.

3. Misterio liburu baten hasiera edo bukaera da garrantzitsuagoa?

Biak. Saiatzen naiz hasiera oso potenteak idazten jendea engantxatzeko; bukaerak ere garrantzi handia du, lagungarria da istorio eta pertsonaiak nora doazen jakiteko, dena borobiltzeko. 

4. Iaz lehenengo liburua, aurten bigarrena. Trukua hartu diozu?

Hala dirudi! Urtetan ez dut ezer publikatu, telebista eta zinemarako idatzi dudalako. Egun, horiek ez daude onenean; literatura errazagoa da nork bere kasa egiteko. Gustua hartu diot etxean lasai eseri eta inori baimenik eskatu gabe istorioak aurrera ateratzeari. 

5. Bi liburuak haur eta gazte literaturan kokatzen dituzte.  

Aurrekoa argi nuen gazteendako zela; erronka zen eurei gustagarria izatea, euskararekin erakartzea. Bigarrena ez nuke esango gazteendako bakarrik denik; belaunaldi ezberdinendako du enkantua.

6. Kamera aurrean baino gehiago, atzean ikusten zaitugu aspaldion. Nahita ala horrela suertatu delako?

Horrela tokatu zen; bere garaian ez zen nire erabakia izan. Bi aldeetan nago gustura; atzean segitzeko aukera banu, gustura egingo nuke.

7. Lau film laburren ostean, bosgarrenik buruan?

Ez. Nire gauzak egiteko aukera izan dudanean, gozada hutsa izan da. Baina mundu zaila da; gero eta lan gehiago eskatzen du. Niretzat, sormen aldetik, literatura antzekoa da eta ez hain konplikatua. Burua gehiago dut hirugarren liburuan, bosgarren film laburrean baino.

8. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du. Ados?

Ez beti. Errealitatearen ikuspuntutik, irudi bat ikusita ia dena ulertu duzu; balio itzela du. Hitzak indar berezia du; hitzekin jolastuz gauza oso politak egin dira. Ez dut uste irudi txar batek hitz polit batzuek baino gehiago balio duenik.

9. H-a gehitu diozu izenari. 

Amerikan jaio nintzen, eta berez h-rekin da. Hemen beti bigarren planoan izan dut. Film laburrekin hastean, jolas baten sartu nintzen: proiektu pertsonaletan, aseta uzten nautenetan, h-a erabiltzea.

10. Oregonen jaio, Arrasaten hazi, Elgetan bizi. Identitate arazorik?

Beti Lesakaz maiteminduta gehituko nuke. Arrasate dut abiapuntu, han dago nere bizitzaren parte luzeena: mondragoetarra naiz.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Imanol kantariaren abesti batek zioen: "Mundua dantzan jarriko nuke Jainkoa banintza". Horrekin gauza asko esaten dira: ea laster mundua berriz dantzan ikusten dugun, duela ez hainbeste bezain alai. Nire ingurukoak animatuago, burua altxatzen ikusi nahiko nituzke, aurrera egiten laguntzea. Sinplea dirudi, baina ez da hain erraza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak