Aurten baietz 7.000 errenta aitorpen euskaraz!

Ander Larrañaga 2013ko apirilaren 22a

Debagoieneko Udaletako euskara zerbitzuak elkarlanean antolatzen dute azken urteetan errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina. 'Nora begira zaude? Aukeran euskaraz!' du kanpainak izena eta pasa den urtekoan, Debagoienean 6.000 aitorpen inguru euskaraz egiteko langa gainditu zuen kanpainak eta aurten beste langa bat gehiago jarri da 2013ko kanpainarako: 7.000 aitorpen euskaraz baietz egin.

Gaur egun errenta egiteko 3 modu daude eta guztietan erabili daiteke euskara.

1. Mekanizatua: Haziendako bulegoetan egiten da eta Debagoienean Bergaran dago bulego hori. Hitzordua eskatu behar da telefonoz, Internetez edo bulegoan bertan.

  • Hitzordua hartzerakoan adieraz ezazu Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
  • Haziendarekin aurrez-aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internetekoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu.
  • Haziendak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

2. Auto-likidazio proposamena: Etxean jasotzen da proposamena, Haziendak eskura daukan informazioan oinarritutakoa. Proposamena onartzeko Haziendarekin harremanetan jarri beharko duzu.

  • Proposamena eta eskutitza elebitan jasoko dituzu.
  • Jasotako proposamena onartzerakoan euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Haziendak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

3. Internet bidezkoa: Bide hau batez ere aholkularitza zerbitzuek erabiltzen dute. Partikularrek ONA, NAN digitala edo pasahitzaren beharra daukate modu honetara egin ahal izateko.

  • Errenta programa Internetetik jaitsi eta euskarazkoa aukeratu.
  • Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan eta Oñatik aste honetatik aurrera informazioa eskuorriak banatuko dira, errenta aitorpena euskaraz egiteko informazio gisa eta informazio horrekin ere gaiari buruzko hiztegi berezia banatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak