Arrasate
Gaurko eguna berezia izango da. Shakti Contorsión izenburuarekin, Kulturateko sarrerara hurbiltzen den guztia aho zabalik utziko du. Ikuskizunak irauten duen zortzi minutuetan, artistak hainbat postura bitxitan ipuin bat irakurriko du. Bi emanaldi egingo dituen arren, zortzi minutuko ikuskizunak izango dira. Komeni da 18:00ak edo 18:20ak baino lehen Kulturateko sarrerara iristea.
Ipuin kontaketa berezia
Egueneko ipuin kontaketak ere zeresan handia emango du. Ipuin kontalari bakoitzak bere estiloa dauka, baina Joxe Mari Carrererekin sorpresa eta ezustea ohiko hitzak dira. Munduko ipuinik txarrenak okerrago kontatuak izenburuarekin, denetik gerta daiteke. Saioa 8 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Ekitaldia Santa Marinako auzo-bibliotekan izango da, 25ean, 19:00etan.
Eskoriatza
Bat ekarri, bat eruen liburu azoka egubakoitz honetan. Aurten ere Herriko Plazan izango da liburuen trukaketa; bada, apirilaren 25ean, eguenean, amaitzen da liburuak utzi eta txartela jasotzeko epea.
Urtero bezala, Kataia Eten Barik egitasmoaren barruan, liburuak trukatzeko azoka egingo dute apirilaren 26an, egubakoitza, Eskoriatzako plazan.
Eskoriatzako Udaleko Kultura eta Euskara zerbitzuek eta Udal Bibliotekak antolatu dute azoka. Herriko Plazan egingo da, 18:00etatik 19:30era, eta bertan liburuak trukatu ahal izango dira. Urteroko prozesua izango da; hau da, liburuak liburutegira eramango dira eta bakoitzarengatik truke txartel bat jasoko dute herritarrek, hurrengo egunean azokan beste liburu baten truke aldatzeko.
Era guztietako liburuak egoten dira azokan; hau da, haur, gazte zein helduek liburu bikain bat eskuratzeko aukera paregabea izango dute.
Liburu guztiek bete behar duten baldintza bakarra da egoera onean egotea. Edozelan ere, ikas-liburuak ez dira onartzen. Liburutegira eramandako liburu bakoitzaren truke azokan liburu bakarra eskuratzeko txartela jasoko dute aurten herritarrek.
Hala, testu-liburuak kenduta, edozein liburu, ipuin, nobela, olerki, sukaldaritza liburu... denetarikoak entregatzea posible izango da, baina, esan bezala, egoera onean bakarrik daudenak.
Gainera, liburuak trukatzeaz gain, Zu be irakurle! irakurraldi publikoa egingo da egubakoitzean. Nahi duen orok liburu bat gomendatzeko aukera izango du, eta, horretaz gain, liburuko pasarteren bat irakurtzeko aukera izango du. Herritar guztiei zabalik dagoen ekintza da.
Aretxabaleta
Ipuinak protagonista izango dira Kurtzebarrin eta Almenen
Apirilaren 22tik 25era, Nazioarteko Liburuaren egunaren harira, Kurtzebarri Eskolan Literatura Astea egingo dute. Aurten, Hans Christian Andersen izango da ardatz eta haren ipuinak irakurrita hainbat ekintza antolatu dituzte.
Asteari hasiera emateko, Juan Kruz Igerabide idazlea izango da eskolan 1. eta 5.mailetako ikasleekin solasean. 6. mailakoek, aldiz, gaztetxoenei Andersenen ipuinak kontatuko dizkiete. Eta apirilaren 25ean, 22. Irakur Maratoia egingo dute Kurtzebarri Eskolako neska-mutilek.
Almenekoak ere ipuin kontalari
Almeneko neska-mutilek ere Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute, eta, horretarako, ipuin kontalari lanetan arituko dira. Izan ere, apirilaren 25ean, arratsaldeko seietan hasita, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako haurrentzat, 6-8 urte bitarteko neska-mutilentzat, ipuin kontalari lanetan arituko dira DHHko ikasleak.
Izena eman kultur etxean.
Elgeta
Gaur herriko plazara jaitsiko ditu liburuak Geaxi Ezpeleta udal liburuzainak. Gainera, liburuak doan eskuratzeko aukera egongo da plazan, 17:00etatik 19:00etara. Hilaren 27rako, berriz, Saroa Bikandi ipuin kontalariaren saioa iragarri dute liburutegian bertan, 11:00etan.
Oñati
Aste guztian egongo dira ekitaldiak liburutegian: DVD eta liburu aurkezpena, helduendanko zein umeendako ipuin kontaketak, Anduaga eta Untzillarekin musika kontzertua ...
Smartphone edo tabletekin bideoak egiteko ikastaro laburra eskainiko du Pernan Goñik eguaztenean, eta arrakastatsua izango dela aurreikusi daiteke, dagoeneko gonbidapen gutxi gelditzen dira-eta. Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldietako bat izango da.
Goñiren tailerraz gain, ipuin kontaketak ere izango dira aste honetan udal liburutegian: bihar, martitzena, helduendako saioa izango da, 19:00etan, eta eguenean, sei eta zortzi urte arteko umeendako, 18:00etan. Bihar, gainera, Nax eta bere laguntzaileak liburu-DVDa aurkeztuko du Urgainek. Ekitaldi horiez gain, egueneko zineklubean propio aukeratu duten filma botako dute eta egubakoitzean, kontzertua emango dute Anduagak eta Untzillak liburutegian, 19:00etan.
Bestalde, aste guztian zehar, bildumatik erretiratutako liburuak eskainiko dizkiete bazkideei liburutegian.