Urola-Mondra
Mondra gai izan zen markagailua bi alditan berdintzeko, eta puntu bat lortu zuen Urolaren kontra. Zaitegi eta Dueñas izan ziren golegileak. Bada, hiru puntuak lortzeko aukerak ere izan zituen, batez ere bigarren zatian. Baloia menderatuta, ondo jokatu zuen, baina ezin izan zuen irabazi. Puntuak hirunaka batu behar ditu zulotik irteteko.
Tolosa-Aloña
Aloña Mendik urteko helburua puntu bat gertuago dauka. Tolosaren kontra bana berdindu ostean, 39 puntu dituzte sailkapenean. Oñatiarrak 0-1 aurreratu ziren 25. minutuan Juaristik kontraerasoan sartutako golarekin, eta bigarren egiteko aukerak ere izan zituzten. Baina 75.ean tolosarrek berdindu egin zuten.
Ostadar-Aretxabaleta
UDAk emaitza oso ona lortu zuen Ostadarren zelaian. 1-0 eta 2-1 galtzen egon ostean, aretxabaletarrak gai izan ziren emaitzari buelta eman eta lehia irabazteko. Raul Sanchez, penalti puntutik, Jokin Badillo eta Iker Orueta izan ziren golegileak. UDAk 51 puntu ditu sailkapenean, eta laugarren lekuan dago.
Hernani-Bergara
Hirugarren Mailara igotzeko postu bila dabilen Hernaniri egin zion bisita zapatuan Bergarak. Bada, Neka Galanen taldeak ezin izan zuen punturik lortu. Bergararrek ez zuten emaitza onik lortzeko aukerarik izan. Mahoneroek, Tolosaren kontra jokatuko dute aste bukaeran, Agorrosinen.