"Herri hau zu barik ez da herri", abestu diote 'Kanto'-ri

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko apirilaren 20a

Luis Mari Azkargorta euskal preso aramaioarrari "dagozkion eskubideak" aldarrikatzeaz gain, haren senitartekoak omendu ditu Herrirak gaur Aramaion

Aramaioko eta Bergarako Herrira taldeek deituta, Luis Mari Azkargorta, Kanto euskal presoaren senitartekoei omenaldia egin diete gaur, zapatua, Aramaion, haren jaioterrian. Gaur, apirilak 22, 25 urte beteko ditu espetxean, eta data hori aintzat hartuta, zapatuko omenaldia eta hilaren 27rako Aramaio eta Bergara arteko bizikleta martxa antolatu dituzte.

1988an atxilotu zutenetik, Espainiako hainbat espetxetatik pasatu da eta gaur egun Zaragozan, Zuerako espetxean dago. 16 urte preso zeramatzala, 2003an, baldintzapean utzi zuten aske. Hala ere, 197/2006 doktrina ezarri zioten eta 2016ra arte luzatu diote kondena. Herrirako kideen esanetan, Azkargortak 2006ko urritik kalean egon beharko luke, zigorraren hiru laurdenak beteta.

Debagoien osoko herritarrak

Debagoien osoko herritarrak batu dira Aramaioko plazan egindako omenaldian. Bizente Goikoetxea abesbatzari jarraituz, plazan batutakoek Hegoak ebaki banizkio abesten hasi dute ekitaldia. Horren ondoren, Kanto-k berak duela urte batzuk Carabanchelen preso zegoela idatzitako bertsoak entzuteko aukera ere egon da eta jarraian, Herrirako kideek "Giza eskubideak, konponbidea eta bakea" aldarrikatu dituzte. "197/2006 sententzia derogatzea ezinbestekoa" dela azpimarratu dute eta "giza eskubideen Europako auzitegiaren erabakia konponbiderako aktibo bat" dela ere argudiatu dute. 

"sakabanaketaren testigu zuzenak"

Hitz horien ondoren Kanto-ren senitartekoak izan zdira protagonista, "giza eskubideen urraketaren, sakabanaketaren testigu zuzenak" direlako. Aurreskua egin diete lehenik eta baita lore sorta eman ere. Markel, semeak hartu du hitza orduan, eta esker berbak izan  ditu guztiendako.

Ekitaldia Aramaioko lau gaztek omenaldirako propio egindako kantua abesten amaitu dute: Herri hau zu barik ez da herri, zioen pasarteetako bat.

27an bizikleta irteera

Hilaren 27ko bizikleta irteera 16:30ean abiatuko da Aramaioko plazatik Bergarara eta 25 kilometrokokoa izango da, Luis Mari Azkargortak espetxean egindako urte bakoitzeko bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak