MUko 190 ingeniarik jaso dute gaur diploma

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko apirilaren 19a

Arrasateko Amaia antzokian egindako ekitaldian jaso dute diploma goi-mailako ingeniaritzako, masterretako eta doktoregoko ikasle horiek. Zehazki, 14 doktoreri, ingeniaritzako 154 tituluduni eta ingeniaritzako tituluan master bat egin duten 22 ikasleri eman dizkiete diplomak. Horrekin batera, Mondragon Healtheko zuzendari Mikel Alvarezek hitzaldia egin du.

Mondragon Healtheko zuzendari Mikel Alvarezek Teknologia eta osasuna gaiari buruzko hitzaldia eskaini die Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako tituludunei –doktoreei, master ikasketak egin dituztenei eta goi-mailako ingeniariei–. Mondragon Health osasunaren alorrean negozioak eta zerbitzuak sustatzea helburu duen Mondragon Korporazioko erakundea da. 

190 tituludun

Ingeniaritzako espezialitateetako 2011/2012 promozioko 190 ikaslek jaso dituzte diplomak Amaian egindako ekitaldian. Diploma-banaketa hirukoitza izan da: batetik, doktoregoko programako 14 ikaslek jaso dituzte diploma; bestetik, goi-mailako ingeniaritzako 154 tituludunek; eta, azkenik, Mondragon Unibertsitatean ingeniaritzako master bat egin duten 22 ikaslek. Ekitaldian zehar aipamen berezia jaso dute Ekiten, Kutxa, Altuning… programetan sariak jaso dituzten ikasleek ere.

Ekitaldia irekitzeaz Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Vicente Atxa arduratu da, eta ixteaz, berriz, Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala.

Titulu horiek lortzeko, ikasle guztiek, gutxi gorabehera, urtebeteko Karrera Amaierako Proiektua egin dute, enpresaren batekin lankidetzan. Horietako enpresa asko atzerrikoak izan dira: Danimarkakoak, Italiakoak, Txekiar Errepublikakoak, Frantziakoak, Poloniakoak, Austriakoak, Suediakoak, Alemaniakoak, Erresuma Batukoak eta Belgikakoak, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak