Goizaldeko seietan Donostiako Boulevarden zeudenetatik asko debagoiendarrak ziren, ia herri guztietatik joandako taldeek igaro baitute gaua bertan.
Zenbait hedabidetan azaldutakoa baino kontakizun gogorragoa egiten dute lekukoek. Bergara eta Arrasateko taldeetan zeuden kideek "poliziak indarkeria erabili" duela berretsi dute.
Bergarako lagunetako batek kontatu du eserita zeudela "oldartu egin" zaizkiela ertzainak. "Erresistentzia modu baketsuan egiteko eskaera argia" zeukaten gazteek egina. Hain zuzen, Arrasatetik babesa ematera joandakoetako batek azaldu duenez, "gau osoan zehar bozgorailuetatik behin eta berriz errepikatu diete lasai egon eta erresistentzia modu baketsuan egiteko". Halaxe egin dutela berresten dute jasotako lekukotzek. Jesarri eta babestu egin dituzte kondenatutako gazteak eta ertzainek banan-banan kenarazi behar izan dituzte babesa ematera joandakoak.
"Gauza berria" izan dela kontatzen dute gazteek, "halako erresistentzia planteatzen den lehen aldia izanik". "Hori dela-eta", kontatzen du arrasatearrak, "ertzainek ere ez zekiten zer egin". Batez ere sare sozialetan zabaldutako "indarkeria testigantzak" berretsi dituzte gureko lekukoek. Agenteek "sudurretatik atzamarrak sartu, barrabiletatik oratu edota arnasa eteteko eskuak ahoan" jarri dizkietela kontatu du Bergarako batek eta Arrasatekoak ere, konfirmatu, eta dio "eskumutur eta oinak bihurritu" dizkietela eta "bortxaketa eta eraso mehatxuak" egin dizkietela gazteei.
Iturria: 'EiTB'.