Omenaldia eta bizikleta martxa 'Kanto' askatzea eskatzeko, 25 urteren ondoren

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko apirilaren 18a

Aramaioko eta Bergarako 'Herrira' mugimenduek Luis Mari Azkargorta 'Kanto' euskal preso aramaioarraren egoera salatu eta datozen egunotarako antolatu dituzten mobilizazioen berri emateko agerraldia egin zuten atzo Aramaion. Zapatuan, hilak 20, 'Kanto' eta bere senideak omenduko dituzte Bizente Goikoetxea plazan (13:00) eta hilaren 27rako, berriz, bizikleta martxa antolatu dute Aramaiotik Bergarara. Bizente Goikoetxea plazatik irtengo da, 16:30ean, Bergarako San Martin plazan amaitzeko. 25 kilometrokoa izango da bizkleta martxa, Azkargortak espetxean egin dituen urte bakoitzeko kilometro bat.

Atzoko agerraldian Bergarako eta Aramaioko Herrira-ko kideak, hainbat herritar,  Aramaioko alkatea eta Alfonso Azkargorta Kantoren anaiak hartu zuten parte. Espetxe politika salatu eta "garai berrian, jarrera berriak" hartu behar direla adierazi zuten: "Aski da. Bizi osorako zigorra ezartzen duen espetxe politikari ezetz esan behar diogu. Behin eta berriz. Nahikoa da; 30 urte luzez irauten duen dispertsioa mantentzeaz. Ardurak hartu behar dira eta arduratsu jokatu", adierazi zuen Jone Arriolabengoak, Aramaioko Herrira-ko kideak.

Omenaldia eta bizikleta martxa

Kanto askatzea eskatzeko zapatuan, hilak 20, Aramaioko plazan ekitaldia egingo dute. Bertan Aramaioko herritarrek Kanto eta bere senideak omenduko dituzte. Eguerdiko ordubatean izango da. Apirilaren 27rako, berriz, Aramaiotik irten eta Bergaran amaituko den bizikleta martxa antolatu dute. Arratsaldeko lauterdietan irtengo da Bizente Goikoetxea plazatik eta Bergararaino osatuko dituzten 25 kilometroak, Aramaio, Arrasate eta Bergarako herritarrek eta hainbat eragilek osatuko dituzte. Kilometro bakoitzeko testigu bat pasako da, 25 kilometroak bete arte. Hau da, espetxean egin duen urte bakoitzeko kilometro bat.

Hilaren 22an, 25 urte espetxean

Luis Mari Azkargorta Kantok apirilaren 22an 25 urte beteko ditu espetxean. 1988an atxilotu zutenetik Espainiako hainbat espetxetatik pasatu da eta egun Zaragozako Zuerako espetxean dago.

16 urte espetxean pasa ondoren baldintzapean utzi zuten aske, 2003an. Orduan aramaioarrek ongi etorria egin zioten Bizente Goikoetxea plazan. Hala ere, 197/2006 doktrina ezarri zioten eta 2018ra arte luzatu diote kondena. Herrira mugimenduko kideek azaldu zutenez, Azkargortak 2006ko urrian kalean egon beharko luke, zigorraren hiru laurdenak beteta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak