Mikel Naranjo: "Lanbide Heziketak unibertsitatera heltzeko bidea zabaldu dit"

Imanol Soriano 2013ko api. 16a, 16:17

Mikel Naranjo Arizmendi Ikastolan Eraikuntza Proiektuak goi mailako Lanbide Heziketako zikloko ikaslea da. Orain, praktikak egiten ari da eraikuntza arloko enpresa batean. Goi mailako heziketa zikloak unibertsitatera sartzeko aukera eman dio eta irailean Arkitektura Teknikoa ikasten hasiko da.

Batxilergoa bukatu eta berehala hasi zinen Lanbide Heziketa ikasten?

Bai. Nik Arkitektura Teknikoa ikasi nahi nuen unibertsitatean, baina, ez zitzaidanez nota heltzen, goi mailako heziketa zikloaren bidea gomendatu zidan orientatzaileak. Azkenean, nik heldu nahi nuen lekura heltzeko beste bide bat izan da Lanbide Heziketa. 

Bada, zer eman dizu Lanbide Heziketako Eraikuntza Proiektuak zikloak?

Eraikuntza arloan lan egiteko oinarrizko gauzak ikasi ditugu, askorik sakondu gabe, baina arlo asko ikusiaz. Efizientzia energetikoari garrantzi handia ematen ikasi dugu eraikinak diseinatzeko orduan.    

Ze profiletako ikasleak egon zarete taldean?

Gehienak ni baino nagusiagoak ziren. Batzuk aurretik Lanbide Heziketako beste ziklo bat egindakoak ziren, beste batzuk unibertsitateko ikasketak utzi eta arlo praktikoago baten bila etorritakoak…

Eta praktiketan zertan ari zara? 

Eraikinetan igogailuak jartzeko hainbat aurrekontu prestatu ditut, konparaketa batzuk egin, plomada batzuk bota eta planoak marraztu… Izan ere, oso lan interesgarria egiten ari naiz, eta asko ikasten. 

Ekainean bukatuko duzu zikloa. Gero zer egingo duzu? 

Unibertsitatera joango naiz Arkitektura Teknikoa ikastera. Lanbide Heziketak unibertsitatera heltzeko bidea zabaldu dit. Pentsatzen dut Arkitektura ikasteko oinarri ona eman didala. Gainera, lehenengo urtean bospasei ikasgai baliozkotuta izango ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak