Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak urteko batzar orokorra egin du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko apirilaren 12a

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen atzo.  Esku artean dituzten proiektuen artean, nagusiena, Arizmendiarrietaren gaineko liburutegi digitala osatzea dela azaldu zuten. Horretan dihardute; dagoeneko 7 mila dokumentu digitalizatu dituzte.

Garaia berrikuntza gunean egin zuten Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko batzar nagusia. 50 bat lagun izan ziren han. Egungo egoera eta datuak aztertu zituzten, eta iazko akta bere horretan onartu zuten.

Atzoko batzarreko gai nagusietako bat Arizmendiarrietaren esperientzia, filosofia eta lana batzen dituen liburutegi digitala izan zen. Dagoeneko lanean dihardute, eta asmoa da bi urte barru osatuta egotea. Liburutegi digitala mundura zabalik egongo da, eta modu horretan, edozein adituk Arizmendiarrietaren gainean ikertu ahal izango du Arrasatera etorri barik.

Asmoa balioa eta filosofia zabaltzea

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea orain dela bost urte sortu zuten haren filosofia eta balioak zabaltzeko asmoarekin, bai kooperatibaren barruan eta baita ikasleei begira ere. Hiru azpibatzorde ditu elkarteak: komunikazioaz arduratzen da bat; ikasleei begira dago bestea, Arizmendiarrietaren pentsamendua landu eta zabaltzeko; eta, hirugarren batzordeak kanpora begira egiten du lan, Arizmendiarrietaren esperientzia enpresetan nola txertatu laguntzen.

240 bazkide inguru

Elkarteak 240 bat bazkide ditu, eta horietatik %90a pertsona fisikoak dira. Arizmendiarrietaren lagunak batzordeko kide den Jose Ramon Elortzak azaldu zigun gaur egun duten erronka nagusia gazteak erakundera hurbiltzea dela. Hain zuzen, gazteak ardatz hartuta eskaini zuen hitzaldia batzarraren amaieran Guillermo Dorronsoro Deustuko dekanoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak