Errekurritzeko aukera egon bazegoen arren, Amaia Osa, Sebas Etxeberria eta Iñaki Manuel bergararrek eta Joseba Garitaonandia arrasatearrak ez zuten uste halakorik gertatuko zenik; are gehiago, epaia aro berri baten zantzu moduan ikusi zuten absolbituak izan zirela jakitean.
Audientzia Nazionalean euskal presoen argazkiekin lotuta egondako beste sententzia batzuekin alderatuta, oso epai ona dela diote auzipetuek eta, horregatik, uste dute sententzia horrek aurrekari bat markatuko duen beldur dela fiskala.
Epaia errekurrituta, Auzitegi Gorenaren eskuetan dago orain kontua. Berari dagokio kasua hasieratik hartu eta berrikustea; froga berririk aurkeztu beharrik ez dago eta auzipetuek ez dute berriz deklaratzera joan beharrik izango; epaiketa egiten bada, aski izango da abokatua joatearekin. Zigor eskaerak lehengo bera izaten jarraitzen du: 15 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa. Iraupenari dagokionez, Auzitegi Gorenaren erabakia urtebeteren bueltan etorriko dela uste dute, baina ez dago jakiterik.
Uruduri daudela ezkutatu gabe, gehien sufritzen dutenak ingurukoak eta, batez ere, etxekoak direla diote. Jasotako elkartasuna eskeru dute, horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen duela esanez.