"Espainia mailan kenpo eskola mordoa dago, eta nik uste dut borroka egiteko asmoz 100 lagun baino gehiago batuko direla Galizian", diosku Arrasateko Zigarrola auzoan kenpoan jarduten duen Iker Letonak: "Debagoienetik zazpi lagun doaz, eta Euskal Herritik gu eta Kenpo Kai taldekoak joango gara".
Bera ez da lehiatuko, epaile lanetan ibiliko da buru-belarri lanean, baina anaia, Josu letona, tapiz gainean izango da: "Ez dakit zenbat arriskatuko den, apirilaren 25ean Munduko Txapelketara doalako, eta pena izango litzateke hitzordu horren aurretik min hartzea. Ni kontuz ibiliko nintzateke, baina anaia ezagutzen dut eta oso lehiakorra da, ez zaio gustatzen galtzea, hortan...", diosku barrez.
Debagoieneko ordezkaritza
Borrokatzera nahiz epaile lanak egitera joango diren debagoiendarrak dira:
Borrokalariak:
Alberto Narro, David Sinisterra, Josu Letona eta Ruben Alonso (Arrasate); Jose Luis Maqueda eta Karla Zabala (Aretxabaleta); eta Pala (Oñati).
Epaile izango direnak:
Iker Letona eta Iñaki Urkiola (Arrasate); eta Rafa Carriet (Eskoriatza).
Garbi jokatzea, arau
Kenpoa ez da borroka arteen artean fisikoki gogorrena, baina edozein kirol jardueratan moduan, txapelketatan posible da min hartzea. Borrokaldietan garbi jokatu behar da, araua da hori. Hala, txapelketen barruan aurrez aurreko borroka, defentsa pertsonala eta katak –mugimenduak– bereizten dira, eta aurrez aurrekoetan ez da asko behar kolpe bat hartzeko: "Kontrarioaren aurrean puntua markatzeko kontaktu fisikoa egoten da. Helburua ez da min ematea, kontrarioaren gorputzaren atal batera iristea da asmoa, baina bai, batzuetan ihes egiten dute kolpeek, eta neurri handian epailearen esku ere egoten da borrokaldiaren gogortasuna; kolpeak onartzen badabil, eta borrokalariak berotu egiten badira...".
Hainbat helburu
Letonak onartu digu txapelketara doazenen artean borrokalariek helburu ezberdinak dituztela: "Gehienak esperientzia berri bat bizitzera doaz, txapelketak zelakoak diren ikustera. Baina, anaia txapel bila doa hara, eta Alberto Narrok ere badaki lehenago ere Espainiako Txapeldun izatea zer den. Horrekin batera, Jose Luis Maquedak iaz oso lan ona egin zuen txapelketan, eta ea aurten ere zorterik duen. Horiek zorrotzago lehiatzera doaz".
Zigarrolan kluba eratu nahian
Ibarreko borrokalariek ez dute talderik ordezkatuko, baina ibarrean Eskoriatzan batzen dira gehienak. Horrekin batera, Zigorrolan ere kluba eratu nahian dabiltza. Eurekin batera, Gipuzkoan geroago eta gehiago edatzen dabilen borroka artea da.
Munduko Txapelketara
Apirilaren 25ean, berriz, Munduko Kenpo Txapelketa egingo dute Ankaran (Turkia) eta bailarako bi ordezkari izango ditugu bertan esku hartzen: Josu Letona eta Rafa Carriet arrasatearrak. Letona maisuak borrokaldian hartuko du esku, eta Carriet, ostera, beteranotan lehiatuko da, baina borrokaldian beharrean, Katatan.