ING Taldeak 14.000 europar inkestatu zituen iazko azaroan. Hego Euskal Herrian eta Espainian, aurrezteko ohitura txikia dago: biztanleen ia erdiek (% 46k) esan zuten "noizbehinka", ahal zutenean bakarrik aurreratzen zutela dirua. Europako batez bestekoak oso antzekoak dira: europarren %17k aurrezteko ohitura dauka (espainiarren %15ek), eta %32k ez du inoiz aurrezten.
Gutxien aurrezten dutenak itailarrak dira: %55ek ez dute inoiz aurrezten, eta %6k bakarrik dute aurrezteko ohitura. Beste muturrean daude austriarrak eta frantsesak: Austrian, %28k sistematikoki aurrezten du, eta Frantzian, %25ek
Larrialdi egoera etorriz gero, Hego Euskal Herriko eta Espainiako biztanleen %44k esan dute ez luketela nahikoa diru izango hiru hilabetean gastuei aurre egiteko, bat-batean diru-iturririk gabe geratuko balira. Beste behin, Europako batez bestekoa oso antzekoa da: %47. Errumanian, erantzun hori eman dute inkestatuen %52k, eta Eslovakian, %29k.
Dirua, itsulapikoan
Dena dela, zertarako aurrezten duten galdetuta, Espainian, larrialdi-fondo bat izateko aurrezten dutela erantzun dute gehienek; bigarren helburua, fakturak ordaintzea; gero, seme-alaben heziketa; erretiroa, segidan; eta etxebizitza, bosgarren helburua. Europan, zertxobait aldatzen da helburuen ordena: lehenengo helburua larrialdi-fondoa da; bigarrena, seme-alaben heziketa; hirugarrena, etxebizitza; laugarrena, fakturak; eta bosgarrena, zorrak kentzea.
Azkenik, dirua non gordetzen duten galdetuta, europarren %17k eta espainiarren %18k esan dute etxeko itsulapikoan edo segurtasun-kutxan daukatela. Hala ere, kontu korronteak eta aurrezki-kontuak dira aurrezkiak gordetzeko tresna erabilienak Europan.