Facua kontsumitzaileen elkarteak ipinitako salaketa baten ondorioa da esandako txostena. Iazko urtarrilean, Movistar, Vodafone, Orange eta Yoigo telefonia-enpresen aurkako salaketa ipini zuen Facuak, diruz lagundutako terminalei "sabotajea" egiteagatik: Facuaren esanetan, terminal horiek akats batekin edo muga tekniko batekin saltzen zituzten enpresek. Espainiako Osasun Ministerioaren Kontsumo Erakundean eta hainbat erkidegoko kontsumitzailearenganako babes erakundeetan aurkeztu zuen Facuak salaketa hori. Berau aztertu zuen Kontsumo-Kooperazio Batzordeak.
Txostenak dioenez, bezeroak eskubide batzuk dauzka: bere konpromisoak dirauen bitartean, bezeroak "fakturak eguneratuta izanda eta aurrez adostutako eperako kontratuari eutsita, beste operatzaile batek baldintza ekonomiko hobeak eskaintzen dizkiolako haren txartela erabili nahi badu terminala erabiltzeko, operatzaileak ezin dio terminala askatzeari uko egin". Batzordearen iritziz, terminala ez askatzeak "kontsumitzailearen eskubideak mugatzen" ditu, kontratua egiterakoan onartu zituen betebeharrak betetzen baldin badabil kontsumitzaile hori.
Eskaintzak ezin dira konparatu
Bestalde, telefonia-enpresek kontsumitzailearenganako "desleialtasunez" jokatzen dutela uste du Batzordeak, izan ere, "badirudi, orokorrean, operatzaileen eskaintzak ez direla behar adina gardenak" eta ez dutela informaziorik ematen, besteak beste, blokeoaz, desblokeatzeko prozeduraz edo baja hartzeak dakarren zigorraz. Horregatik, "bezeroak ezin du konparatu diruz lagundutako telefonoaren eskaintza, telefono askea kostatuko litzaiokeenarekin".
Facuak, orain, enpresei bidaliko die txostena, eta bezero guztiei terminalak askatzeko behar dituzten kodeak emateko eskatuko die. Era berean, erkidegoetako kontsumitzaileenganako babes erakundeei eskatuko die "neurriko zigorrak" ipintzeko.