Nazio Batuek preso dauden pertsonen babeserako printzipioen bilduman diotenari egin dio erreferentzia Debagoieneko Sortuk: "Presoa bere ohiko bizilekutik gertu dagoen espetxe batean egongo da (20. printzipioa) eta atxilo guztiek jasoko dute arreta eta tratamendu medikoa, behar duten bakoitzean (24. printzipioa)".
Horri gehitzen diote Espainia eta Frantziako estatuek sistematikoki urratzen dituztela printzipio horiek eta euskal preso politikoen eskubideak, eta horregatik diotela espetxe politika kriminalak erail duela Xabier Lopez Peña: "Espetxe politika horren ondorioz, etxetik urrun, gatibu, isolatuta, gaixo, mediku arreta negargarriarekin, senideekiko harremana ia etenda, kartzelako bizimodu gogor eta gupidagabea sufritu zuen ospitalean bukatu arte". "Hil aurretik eta ondoren, senide eta abokatuei informazioa ezkutatu" zietela ere salatu du Debagoieneko Sortuk.
Kritika EAJri
"Espainiar zein frantziar estatuen jokaerak ez gaitu harritu, horrelako jarrera baitute egunero beraien atzaparretan preso diren preso politikoekin. Baina EAJko buruzagien isiltasunak eta Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxaren hitzek ("heriotza honekin egon den gauza arraro bakarra senide eta abokatuaren adierazpenak izan dira") samina eragiten digute", diote ohar batean, eta zera gaineratzen: "EAJko buruzagiak Espainia eta Frantziaren espetxe politika eta bake prozesuarekiko inmobilismoa babesten ikusten ditugu egunero. EAJren jarrera horrek ez die bake bideei eta presoen eskubideei inolako laguntzarik ematen, kontrakoa baizik. Zorionez EAJren oinarri sozialean bestelako jarrerak ere ikusten ditugu gatazkaren konponbidearekin eta presoen eskubideekin konprometituak".
Debagoieneko Sorturen hitzetan, preso politikoek bizi duten salbuespen egoera gainditzeko konpromisoa behar da, eta "Xabier Lopez Peñarena "azken heriotza izan dadin" bat egin dute Herrirak zapaturako gindako manifestazio deialdiarekin; 17:30ean aterako da Bilboko La Casillatik.