Debarro txapelketa hiru mailatan jokatzen da: kadeteak, gazteak eta seniorrak. Bi maila gazteenetan joan-etorriko ligaxka jokatzen ari dira eta bi talde indartsuenek finalerako txartela lortuko dute. Nagusien mailan, aldiz, buelta bakarra egongo da eta lehenengo laurek finalerdiak jokatuko dituzte, eta partidu horietako irabazleek finala.
Aurtengo Debarro txapelketako final guztiak Elgoibarko pilotalekuan izango dira maiatzaren 25ean. Bitartean baina, ligak, bailarako herrietan sailkapen faseetan dihardu.
Atzoko partidua 22-1 irabazi eta gero ligako bigarren postuari tinko eutsiko dio Bergarako bikoteak. Eneko Muguruza jokalaria erabakigarria izan zen eta Iñarrarekin batera erraz irabazi zuten. Sailkapeneko bigarren postu honek gainera, seminifinalen atea zabalik uzten die.
Kadeteen kasuan ere, Bergarak irabazi zuen. Gastañaga atzelariaren joko onak ahalbidetu zuen Elgoibarren kontrako 22-7 marka lortzea. Garaipen honi esker, hirugarren postuari eutsiko dio Bergarako bikoteak.
Gazteen mailako lehia izan zen zirraragarriena. Bergarako bikotea 8-1 galtzen hasi ostean, bere grina erakutsi eta azkenean 22-17 emaitza estuarekin bere mailako lehen postuan jarraitzea lortu zuen.