Oñatiko turismo bulegotik, adibidez, 317 pertsona pasatu dira; gehienak, Euskal Herritarrak; Bizkaitik, adibidez, 122 lagun etorri dira, Gipuzkoatik 66 eta Arabatik 45. Madrileko eta Kataluniako bisitariak ere izan dira, nahiz eta kataluniarrak, adibidez, joan den urtean baino gutxiago etorri diren. Gainontzekuak Nafarroa, Errioxa, Asturias, Galizia, Andaluzia, Valentzia edo Murtziatik etorri dira, besteak beste. Eskainitako bisita gidatu guztiak egin dituzte turismo bulegoeko langileek, eta guztira 148 lagunek hartu dute parte. Egun jendetsuena Eguen Santu eguna izan zen.
Arrikrutzen ere pozik daude. Gaur eta bihar egingo dituzten espeleoabentura eskaintzak beteta daude eta Aste Santuan ere lan asko izan dute. 850 lagun izan dira Aste Santuan, gehienak, Euskal Herrikoak; ia bisita guztiak euskaraz egin dituzte. Leintz Gatzagako gatz museoan ere 30 bat lagun izan dituzte eguneko Aste Santuan; egun eta ordu guztietako bisitak egin dituzte han ere, eta turista gehienak euskaldunak izan direla baieztatu du Aitziber Gorosabel gidariak.
Ohiturak aldatzen
Jendea ibili den arren, moduak aldatu egin direla diote Debagoieneko jatetxe eta ostatuetako arduradunek. Jatetxeek ere igarri dute hori. Bergarako Lamaño-Etxeberri landetxean, esaterako, joan den urtean baino beranduago jaso dituzte erreserbak, baina azkenean ez dutela Aste Santu txarra izan kontatu digu hango nagusi Maite Aristegik. Oñatiko Arregi nekazal etxean, bestalde, logelak beteta izan dituzte, baina denek ez dute gosaria eta afaria hartu, lehen ez bezala. Ohiturak aldatzen doazela somatu du Arregiko nagusia den Mertxe Esnaolak.
Autokarabana gunea Bergaran
Bergarari dagokionez nobedadeetako bat Labegaraietako autokarabanendako gunea izan da. Udaleko David Zapirainek adierazi duenez Turismo bulegoan ez du inork gunearen gaineko kontsultarik egin, eta ez da inor autokarabanista moduan identifikatu. Bestalde, momentuz ez dute gunearen erabileraren gaineko daturik. Espazioak ur beltzetarako zein ur grisetarako estolda du, eta bi iturri. Prestatutako gune bakarra da Debagoienean. Gainera, boulder gunea, kiroldegia eta bide gorria ditu bertan. Zabaldu berritako gunea dela adierazi du Zapirainek, eta jakinarazi du Acpasión izeneko webgunean eman dutela azpiegituraren berri. 700 bisita jaso ditu albisteak, eta aldeko 40 mezu.