Independentistak sareak Iruñean antolatutako Aberri Eguna manifestazio batekin hasiko da. Eguerdiko 12:00etan Golem zinemetatik hasita, Etorkizuna, independentzia lelopean Sarasate pasealekuraino manifestazioa egingo dute. Bertan, egingo duten ekitaldi politikoan independentziarako inoiz baino arrazoi gehiago daudela aldarrikatuko dute eta bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteko independentzia aukerarik hoberena dela ziurtatuko dute. Manifestazioaren ostean, herri bazkaria eta ekitaldiz betetako jaia egingo dute.
Bilbon EAJk antolatutako aberri egunean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta EBBeko presidentea den Andoni Ortuzarrek hitz egingo dute goizeko 11:30etan. Bertan, 'Aberri Berria' lemapean Euskal Herriaren aitorpena aldarrikatuko dute eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egingo dute. Bakeari buruz ere hitz egingo dute EAJk antolatutako Aberri egunean. Bakea indarkeria eza baino gehiago dela adieraziko dute.