Euskadiko Kutxak ekarpena azaltzeko kaleratu zuen informazioa "ez oso garbia, idazkera nahasikoa, eta agian engainagarria" da, epailearen ustez. Eta horrekin ez dago ados finantza erakundea.
Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak dio ez dagoela ados epaileak frogaren gainean egindako balorazioarekin ez eta aplikatu duen analisi juridikoarekin ere. Eroskik jaulkitako esku-orria, "CNMV erakundeak ontzat eman zuena" onartu izana, "ez da Euskadiko Kutxaren jokaera desegokia", Euskadiko Kutxaren ustez; izan ere, finantza erakundeak ez dauka zerikusirik eskaintzaren "edukiarekin, zabalkundearekin eta onarpenarekin", Euskadiko Kutxak dioenez.
Horregatik guztiagatik epaiarekiko erabateko desadostasuna agertzearekin batera, hasierako epaileari helegitea jarriko diola iragarri du Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak.
40.000 erosle
Eroskik eta Fagorrek 2002-2007ko epean jaulki zituzten orain menpeko ekarpenak, eta operazio horien bidez 800 milioi eurotik gora lortu zituzten beren hedapen prozesuak finantzatzeko. Kaltetuak elkartearen arabera, 40.000 izan daitezke menpeko ekarpenen erosleak.
Finantza erakundeen bidez saldu ziren ekarpenak. BBVAk saldu zituen Eroskiren ekarpen gehienak (%44), eta Santanderrek, berriz, Fagorrek jaulkitakoak (%57). Euskadiko Kutxak ekarpen guztien %21 baino ez zituen saldu (%27 Mondragon taldeko bazkideen artean saldutakoak ere zenbatuz).