Kristina Pavo: "Bizi izan dugunak eman digun esperientziak bihurtu gaitu 'aditu"

Ubane Madera 2013ko martxoaren 27a

Dolu perinatalari buruzko bloga landu dute lau bikote debagoiendarrek. Gure Txikixak da jarri dioten izena, eta blogaren hasieran lau izen azaltzen dira: Ihintza, Jakes, Xabi eta Ekaitz. Bloga erabilgarri dago honako helbidean: http://guretxikixak.org/

Blogaren abiapuntuaren jatorria lau izenotan dago, ala?

Kristina Pavo: Bai, jaiotzerakoan, lehentxeago edo jaio eta berehala hil ziren gure txikien izenak dira. Lau familiok beste seme-alaba batzuk ere baditugu, baina horiek  ere gure seme-alabak dira, nahiz eta orain fisikoki gurekin ez egon. Izena nolabaiteko errekonozimendu modu bat da, eurentzat, eta baita guretzat ere.

Zela ezagutu zenuten elkar?

Lau familiak Debagoienekoak gara, hiru herri berekoak. Lehendik ere nolabait elkar ezagutzen genuen, eta, kate bat bezala, elkarri lagundu nahian topo egin dugu gertatu zaigun esperientzia gogor hau dela-eta. Elkarrekin gure esperientziak konpartitzeak izugarri lagundu digu. Dolu prozesua luzea eta gogorra da, baina lau familiok elkarri babesa eta laguntasuna ematea oso esperientzia polita izan da.

Gure Txikixak da blogaren izena, baina barruan maite dugunen galerei buruz ere egiten da berba…

Bai, gure gai zehatza heriotza/dolu perinatala da, baina helburuetako bat bada heriotzaren gaia gizarteratzea; izan ere, heriotzak berak gai tabua izaten jarraitzen du. Heriotza bizitzan lehenago edo geroago tokatuko zaigun gaia izanik, ez dugu heriotzaz hitz egiten, ez dakigu zer esan, ezkutatu egiten dugu… Blogean heriotzari buruzko informazio orokorra ere eman nahi izan dugu, beraz.

Zuek elikatzen duzue bloga? 

Bai, ikasi dugun guztia eta iturri ezberdinetatik jaso dugun informazioa partekatu nahi dugu egoera horretan dauden guraso, inguruko eta gizartearekin. Horrez gain, prozesuan ezagutu ditugun aditu (psikologo, emagin…) eta beste elkarte batzuetako pertsonen laguntza izango dugu tarteka.

Antzerako bizipena izan duten gehiagok parte hartu ahal dezakete? 

Noski. Testigantzak utzi eta euren kezkak, galderak, ekarpenak…egin ditzakete eta ahal dugun heinean erantzun eta lagunduko diegu. Blogean adierazten dugun bezala ez gara medikuak, psikologoak, psikiatrak... ez gara adituak; gurasoak gara eta bizi izan dugunak eman digun esperientziak bihurtu gaitu nolabaiteko "aditu". Esperientzia gogor horretatik pasa behar dutenei bidea erraztu nahiko genieke.

Zein elementu ditu blogak? 

Batetik, gaiaren inguruko informazioa jarriko ditugu aldika blogean, albiste formatuan: artikuluak, bideoak, ikastaroak…

Bestetik, atal bereziak ere baditu:

Testigantzak: geure testigantzak jaso ditugu eta nahi duen guztiak dauka berea idazteko aukera. Atal garrantzitsua da, izan ere, ulertuak ez sentitze horretan, garrantzi berezia dauka antzerako egoera bat bizi izan duenaren bizipena irakurri eta identifikatuta sentitzeak.

Gomendioak: gure ikuspegitik, modu xumean, gomendioak ematen ditugu guraso eta ingurukoentzat; profesionalen gida bat ere erabili dugu, euskarara ekarrita. Kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk ere zerrendatu ditugu, ospitaleko protokoloa, laguntza psikologikoa eta dolu-laguntza... baita alderdi "praktikoagoei" buruz ere, hala nola, amatasun eta aitatasun bajak, erregistroa, umearen kargu egiteko eskubidearen gainean eta abar.

Material lagungarria: artikulu, liburu, bideo, txosten, lotura interesgarriak... material ugari eskaintzen ditugu.

Besterik gaineratu gura duzue?

Heriotzaren gaia tabu da gure gizartean. Gure kasuan, gainera, guk ez beste inork ezagutu ez dituen umeak dira eta jendeak ez du jakiten zer egin edo zer esan horrelakoetan. Askok azkar ahaztea eskatzen dute, eta sozialki baimen bako dolua bilakatzen da, nolabait ezereztu egiten baita, ez da gaiaz hitz egiten. Gizartearen babes ezaren adibideetako bat da, esate baterako, batzuetan ezin izan ditugula gure umetxo horiek gure familia-liburuetan inskribatu. 24 ordu bizi ez bada, ez da existitzen, "fetu" kontsideratzen da. Gizartearentzat ez dago umerik, ez da ezer gertatu, baina bai, gertatu da. Gure txikiak hil zaizkigu: Ekaitz, Xabi, Ihintza eta Jakes. Eta hori behar dugu, errekonozitzea guraso garela eta horiek gure seme-alabak direla, zoritxarrez gurekin orain ez dauden arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak