Eguraldi aldakorra, "borraskatxoekin", Aste Santurako

Ubane Madera 2013ko martxoaren 27a

Eguraldi aldakorra da datozen egunotan izango duguna, udaberriko ohikoa; ez da antizikloirik antzematen eta horrek segurtasun eza ematen du. Hala azpimarratu du Pello Zabala eguraldi adituak. Zabalak dioenez, zaila iragarpena egitea: "hurrengo egunekoa justu-justu". Hortaz, Aste Santuan, euria, ostarteak eta lainoak; denetik. badirudi egunok onena Eguen santu eguna izango dela.

Eguzkia eta euria

"Egunetik egunera aldatu egiten da. Orokorrean, segurtasunik eza ikusten dut. Txandaka ibiliko da eguraldia; izan ere, borraskatxoak dabiltza inguruan. Eta haiek dantzariak izaten dira. Badatozela ikusten da bezperan, baina hurrengo egunean beste norabide bat hartu dutela ikusten da. Beraz, borraskatxoak gurera etorriz gero, euria ekarriko dute eta etorri ezean, eguzkia. Esan daitekeena da fronteak badatozela. Eta bien bitartean eguzkia izango dugula. Udaberri giroa izango dugu, bada: eguzkia eta euria, denetik apur bat. Eta lehenago ikusten zen elurretarako joerarik ez du izango", kontatu du Zabalak.

Egun zehatzei dagokienez, berriz, "osteguna ikusten da egunik politena".

Tenperaturak finko samar

Eta tenperaturei begiratuta, hortxe ikusten du frantziskotarrak egonkortasun apur bat: "Eguraldi aldakorra izan arren, goizean tenperaturak 7-10 graduren bitartean ibiliko dira, eta, egunak aurrera egin ahala, 14-18 gradu artean ibiliko dira, eguzki-euriaren arabera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak